Denboraldiko asteburu okerrena eduki arren, Nascar Europa Txapelketako lidergoari eutsi dio Ander Vilariño hondarribiarrak. Toursen izan dira asteburuko lasterketak, txapelketan dagoen obalo itxurako zirkuitu bakarrean, eta TFT Banco Santander taldeko pilotuak arazo asko izan ditu, sailkapenetik hasita.
Denboraldiko asteburu okerrena eduki arren, Nascar Europa Txapelketako lidergoari eutsi dio Ander Vilariño hondarribiarrak. Toursen izan dira asteburuko lasterketak, txapelketan dagoen obalo itxurako zirkuitu bakarrean, eta TFT Banco Santander taldeko pilotuak arazo asko izan ditu, sailkapenetik hasita. Nolanahi ere, bi karreretan puntuatzea lortu du eta liga erregularra bukatuta, 28 puntuko aldea du bigarrenarekiko.
Larunbat goizean motorrarekin arazoak izan zituen Vilariñok eta hamaikagarren postuan sailkatzea lortu zuen. Hala ere, lasterketaren aurretik arazoa konpontzea lortu zuten eta proba ondo hasi zuen hondarribiarrak, atzetik aurrera. Baina, hogeita bost itzuli falta zirela eta TFT BS taldeko gidaria laugarren postuan zihoanean, bere aurretik izandako istripu batengatik pistatik atera zen eta azken postuan itzuli zen lasterketara. Lasterketa amaitu bitartean hainbat ibilgailu aurreratu ahal izan zituen eta puntuetan bukatu zuen larunbateko proba, hamargarren tokian.
Asteburuko bigarren lasterketan ez zuen zorte hobea izan. Hirugarren tokitik abiatu zen eta postu horretan egin zuen ia lasterketa osoa, istripu gehienak gertatzen diren obaloaren kanpo aldeari begiratu gabe. Baina azken itzulian bigarren jarri zen eta atzetik zetorren Romain Ianettak kolpe bat eman zion eta, hainbat kotxek aurreratu zuten hondarribiarra. Zorionez, pistan irautea lortu zuen Vilariñok eta zortzigarren bukatu zuen lasterketa, txapelketarako garrantzitsuak izan daitezkeen puntuak eskuratuz. Frederic Gabillon frantsesak irabazi ditu Tourseko bi lasterketak eta bigarren tokian jarri da, Yann Zimmer suitzarra aurreratuz.
Tourseko asteburuarekin fase erregularra bukatu da eta txapelketa bukatzerko lau lasterketa besterik ez dira falta, garrantzitsuenak, balio bikoitza dutelako. Lehenengo biak Monzan izango dira eta beste biak Le Mansen. Vilariñok onartu duenez, “dena lasterketa horietan erabakiko da. Ez nago pozik, baina bi egunetan puntuak pilatzea lortu dut. Positiboak izan behar gara eta lidergoan jarraitzen dut, Gabilloni 28 puntu ateratzen dizkiot eta Zimmerri 33”.
Hondarribiarrak denboraldiko lehen bi garaipenak lortu eta gero
HITZAri eskainitako elkarrizketan azaltzen zuenez, fase erregularrean ahalik eta puntu gehien lortu nahi zuen, azken lau lasterketei begira sailkapenean toki onean iriste aldera. Hori ondo egin du, Toursera iritsi aurretik egindako sei lasterketak irabazi zituelako. Orain aldeari eustea falta zaio eta onena zera da, asteburuan gertatu dena ikusita, geratzen diren lau probak ez direla obaloan izango, ohiko zirkuituetan baizik.
Europako Nascar Txapelketa. Sailkapen Nagusia
- Ander Vilariño. 356 puntu.
- Frederic Gabillon. 328 puntu.
- Yann Zimmer. 323 puntu.