Oarso Bidasoko traineruek emaitza onak lortu dituzte asteburuan
Arraunaren liga gehienak abian dira jada. Gizonen kategoriako hiruak eta Emakumeen Gipuzkoako Liga martxan dira. Azken honetako estropada, ligako lehena, egin zuten atzo Pasaiako badian. Bertan, Zumaiaren atzetik (10:51ko denbora egin zuten), San Juan (11:01) eta Hibaika (11:15) sailkatu ziren. Ondo hasi dute liga, beraz, emakumeek.
Atzo ere, KAE1 Ligako hirugarren estropada jokatu zuten Pasaiako badian, Pasaiako XXIX. Ikurrina. Lehen hiru postuak Bizkaira joan ziren (Santurtzi, Zierbena eta Isuntza, hurrenez hurren), eta laugarrena etxeko taldea, Trintxerpe-Illunbe izan zen bizkaitarretatik hurbil. Liga honetan berriak dira pasaitarrak, iaz lortu zutelako bertara igotzea, eta sailkapen nagusiko laugarren postuak azaltzen du oso ondo egokitu direla kategoriara, eta zer esan emango dutela.
KAE2 Liga larunbatean hasi zen, Donibane Lohizunen. Oarso Bidasoko traineruak bikain ibili ziren lehen estropada horretan. Hala, Hondarribia B bigarrena izan zen Getxo irabazletik 17 segundora, San Pedro B laugarrena, eta Hibaika bosgarrena. Liga hasteko, oso emaitza onak dira horiek.