Igo naiz berriro trenera
Duela urte batzuk, Boga-rekin arraunean hasi ginenean, geltoki berezi baten berri eman nizuen, Geltoki Morea, gogoratzen? Bertan, gauzak patxadaz begiratzeko ohitura zegoela kontatu nizuen, normalean denok betaurreko more batzuk jantzita ibiltzen ginela alde batetik bestera.
Urte hauetan guztietan, bertatik ikusten genituen gauzak kontatu izan dizkizuet, gauza nahikotxo gainera. Haurrei nola hitz egiten diegun, gure abesti tradizionalak nolakoak diren, festetan ondo pasatzeko ditugun modu onak eta ez hain onak, familiak, ezkontzak eta dibortzioak, abortua… Ahal izan dudan guztietan feminismoa izan dut hizpide.
Batzuk nirekin geltokian elkartu direla jakin izan dut, elkarrekin topo egin dugulako, edo bertarako bidaia nola egin galdetu izan didazuelako. Beste batzuek, aldiz, beste puntara ihes egin dutela jakin dut ere, inolaz ere ez dutela geltoki honetan bizitzen genuenarekin kutsatuak izan nahi… Zorte on bizitzan, ez dakizue zer galtzen duzuen.
Orain trenera berriz igotzea dagokit, konturatu bainaiz, geltoki bakarrarekin ez goazela oso urrutira, eta eremu berriak konkistatzeke geratzen zaizkigula pentsatzen dut. Trenaren zain nago, geltokian, hau azken aldiz ikusiko ote dudan nire buruari galdezka nagoen bitartean. Igo naiz trenera. Poliki-poliki hasi gara urruntzen, eta agur esaten diet haien gorputzen jabe diren pertsona horiei, hanketatik hasi eta bururaino gozatu eta maitatzen duten gorputz eder horien jabe diren pertsonei. Agur esaten diet elkarlanean eraikitako etxeei, bakoitzak bere ahaleginen eta jakintzen bidez sortutako etxe zoragarri horiei. Agur esaten diet herriaren alde batetik bestera elkarrekin korrika eta jostatzen ari diren haur zoriontsuei. Agur denoi, edo gero arte.
Bada garaia beste geltoki eta herriak ezagutzeko, more ez, baina gris, berde, gorri, urdin edo laranja, guztietan zer ikasi eta zer ikusi izango dudala uste dut. Maleta bete betaurreko more daramat, haiekin, nik ikasi eta ikusi dudana konpartitu asmoz. Zuetako batzuokin topo egingo ote dut bidaia berri honetan? Betaurreko more pare bat eskaintzen dizuen inor hurbiltzen bazaizue, ez beldurtu, ni edo ni bezala munduan zehar dabilen geltoki moretar bat izango dela. Ez dugu kosk egiten (soilik baimentzen digutenean egiten ditugu kosk goxoak).
Zuek ere opor hauetan tren buelta bat ematea erabakitzen baduzue ere geltoki morean geldialditxoa egiteko aukera baduzue aprobetxatu, esperientzia polita izango da. Gozatu eguzkiaz, lainoez eta euriaz. Muxu bana eta laster arte!