Lur berria
Aurrekoan, Egoari buruz idatzi nuen. Hain zuzen ere, ustez gure zati den, baina etengabe iruzurrean ari digun, gu ez garen zati horretaz. Ohitura handia dugu gizarte honetan arrazoiaren bideari jarraitzeko. Edozein liskar edo gertaera den unean bi pertsonen artean, segituan hasten gara erabakitzen bitatik nork duen arrazoia. Biei galdetzen badiegu, seguru eduki, bien ustez arrazoia norberak duela, eta biei entzunez gero, oso arrazoi logiko eta konbintzenteak emango dituztela. Eta nire galdera horrelakoetan da: eta zer? Zein garrantzia du arrazoi izateak? Errealitatearen irakurketak ezberdinak izan daitezke, eta biak egokiak, baina kontua da, liskar batean, arrazoiaren bideari jarraitzen badiote, biak aterako direla galtzen. Azken batean, arrazoirik ez duenak, bere urguilua minberatua edukiko du eta ez du jakingo irakurketa egoki bat egiten hortik. Arrazoia atera duenak ere, momentuan bertan, arrazoiak emandako euforia txutea izango du, baina jakina da, igotzen den guztia jaitsi egiten dela, eta kolpea bikoitza izango dela.
Aurreko guztia kontutan hartuta, bi aukera daude, nik esan dudanari kontra egiten saiatu eta nirekin arrazoiaren lehian sartzea, edo norbere jokaeratik kanpo dagoen jokaera bat hartzea. Alegia, bizitzak etengabe egoera berdinak jartzen dizkigu begi aurrean eta ohituak gaude beti gauza bera egiten. Jakinik, beti gauza bera egiteak, betiko gauza ekarriko digula. Horretarako, nire buruarekin praktikatzen ari naizena kontatuko dizuet. Oso gauza erraza eta logikoa da, eguneroko martxan esperimentu berriak egitea da. Alegia, bizitzak egunero jartzen digun egoera berdinaren aurrean, zerbait ezberdina egitea. Nigan, aldaketa sentitu dut, azken batean, jokaera ezberdin batek, emaitza ezberdin bat ematen du.
Irakurri berri dudan liburu batean (nik ez dut ezer berria asmatuko) dio, begiak beldur direla ere, eskuek egin, egin behar dutela. Azken batean, eskema zaharra jarraitzea, nahiz eta jakin kaltea ekarriko digula, bere emaitza ezaguna dela. Inoiz zapaldu gabeko lurra zapaltzeak izutu egiten gaitu, inongo lur gozoena izanda ere.