Presoak gogoan izango dituzte sanpedrotan
Presoek beren txokoa dute herrietako jaietan, eta San Pedron ez dituzte ahaztuko. Horrela, Herrirak antolatuta, etzi, jaietako egun handian, hainbat ekitaldi egingo dituzte errepresaliatuak gogoan. Lehenik eta behin, 12:00etatik 14:00etara, sinadura bilketa egingo dute 197/2006 doktrinaren kontra, baita Herritarron epaia izeneko ekitaldia ere. Hori bukatzean, Preso, iheslari eta errefuxiatuen aldeko bazkaria egingo dute Antxetan (15 euro balio du txartelak).
Bazkaldu ondoren, mus txapelketa bizkorra egingo dute. Ekimena bukatzeko, berriz, Jon Urkizu Herrira lelopean kartelada egingo dute San Pedroko kaleetatik.