Galepertarrak elkarteak usakume tiraketa antolatu du iganderako, Molinaon
Colombaire usakume tiraketa egingo dute igandean Molinaoko Papingo tiraketa eremuan. Antxoko Galepertarrak elkarteak antolatu du, eta goizez zein arratsaldez egingo dituzte tiraldiak. Goizekoa 10:00etan hasiko da, eta hiru ordu eta erdiz ariko dira lehian. Arratsaldeko ordutegiari dagokionez, 16:00etatik 18:00etara egingo dute tiraketa. Izen emateak 27 euro kostatuko du, eta tiratzaile bakoitzak baimen federatiboa erakutsi beharko du.
Banatuko dituzten sariak ez dira nolanahikoak izango. Irabazleak 350 euro eta arkume bat eramango du, txapela janzteaz gain. Bigarrenak 250 euro eta urdaiazpikoa. Bosgarren sailkatura arte 50 euroan murrizten joango da saria. Seigarrenetik hamabosterainokoek, berriz, 50 euro eta oparia eramango dute. Hurrengo hamarrek opari bana eramango dute. Elkarteko kide onenak 30 euro poltsikoratuko ditu, urdaiazpikoa eramateaz gain. Beteranoen zein juniorren artean onenek ere izango dute oparia.