
Madalenetako aurtengo omenduak zeintzuk izango diren argitu da: Xanti eta Maialen eta erraldoi eta buruhandien konpartsa, alde batetik, eta Iñaki Tolaretxipi Landarbaso abesbatzako zuzendaria, bestetik. Atzo erabaki zuzen udalbatzak aho batez omenduak horiek izatea.
Santo Angel de la Guardako lanak
Ekaineko udalbatza, ordea, ez zen horren azkarra izan beste puntuetan, eta zinegotziei kosta zitzaien adostasuna lortzea, batez ere gai zerrendako bigarren puntuarekin. Santo Angel de la Guarda udal eraikinaren gaineko obrek luzatu zuten eztabaida, eta ia ordubetez aritu ziren horren gainean hitz egiten. Azkenean, ordea, ez zuten bozketara atera.
Eraikin hori Orereta ikastolari utzita dauka udalak, eta atzo bozketara lagapen kontratuan aldaketa bat egin eta eraberritze lanak udalak egitea atera nahi zuten. Udalaren asmoa,
Santo Angel de la Guarda ikastetxean konponketak egitea da batik bat instalazio elektrikoa eta leihoak konpontzeko. Horretan 500.000 euro pasatxo inbertituko ditu. Lanak “premiazkoak” direla adierazi du, “erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko”.
Proposamen horri beste bi paragrafo gehitu zizkion, batez ere lagapen kontratuan egon daitezkeen maila legaleko oztopoak konpontze aldera. Utzita daukan udal eraikin batean aurretik utzita daukan elkarte batek ere ez duela obrarik egin behar izan azaldu zuen Julen Mendoza alkateak, eta konparaziozko bidegabekeria saihesteko gastu hori udalak bere egitea gaineratzea proposatu zuen batetik. Bestetik, berriz, Orereta Ikastola Kooperatiba Elkartea erabilpen publiko elkarte izendatu dutela gogorarazi zuen.
Aldaketa horiek idazkariaren oniritzia jaso zuten.
Mahai gainean uzteko eskaera, PSE-EEk
PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu zion udalaren proposamenari, eta hori mahai gainean uzteko eskatu zuen. Izan ere, hainbat txosten aurkeztu zituen gaiaren gaineko zalantzak argitzeko, eta horiek aztertzeko astirik ez duela izan azaldu zuen Jose Angel Rodriguez talde sozialistako bozeramaileak. Horrez gain, gaia “presaka” lantzea egotzi zion udal gobernu taldeari, ostiraleko bozeramaileen batzarretik atzora bitartean mugitu zela esanda. “Seriotasuna eta zehaztasuna” eskatu zizkion udal gobernu taldeari.
Mendozak erantzun zion ez zuela ulertzen zergatik behar duten aztertzeko denbora gehiago, udalaren proposamena aurretik ere bazekitela argudiatuz, eta atzo batutako paragrafoek proposamenaren edukia aldatzen ez dutela gaineratuta.
Gainontzeko taldeek bat egin zuten PSE-EErekin, bai Errenteriako Ezkerra, EAJ eta PPk, eta gaia “presaz” lantzen ari zela salatu zuten. EAJk, esaterako, udalaren proposamenarekin ados dagoela esan zuen, eta “are gehiago” orain maila legalean egindako aldaketekin, baina presaka lantzearekin bat egiten ez zuela adierazi zuen Maite Peñak.
Mendozak erantzun zien obrak klaseak ez dauden bitartean egitearen presa besterik ez dutela.
Hala, Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako bozeramaileak gaia aztertzeko bost minutuko atsedena eskatu zuen, eta horixe egin zuten.
Bueltatzerakoan, proposamena mahai gainean uztea erabaki zutela jakinarazi zuen Mendozak.
Hipoteken mozioa, aurrera
Gaurkotasuneko bi mozio landu zituzten ondoren: hipoteka maileguen erreferentzia indizearen gainekoa bata, eta zaharren egoitzetako gatazkaren gainekoa, bestea. Lehenengoa aurrera atera zen, eta bigarrena mahai gainean geratu zen.
Oarsoaldeko Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizearen Eraginpean daudenen taldeko kide batek egin zuen mozioaren aurkezpena, eta hipoteka ordaintzeko dituzten zailtasunak azaldu zituen, erreferentzia indize hori dela eta, hipotekak ez baitzaizkie Euriborraren eraginpean daudenak bezala jaitsi. Indize hori %4ean dago Euriborra %0,44ean dagoen bezala. Hala, hilean 400 euro gehiago ordaindu behar dituztela azaldu zuen, “ni bezalako milaeurista bati ezin ordaindu eta etxetik kaleratzea ekar dakioke”.
Dagoeneko, indize ofizialak izateari utzi diotela jakinarazi zuen, eta ez dituztela maileguak horren arabera egiten, baina hipotekak horren arabera dituztenek horren menpe jarraitzen dutela. Hala, Espainiako Gobernuari ahalik eta lasterren hori bertan behera uzteko eskatu zion, eta zehazki, Kutxabanki, gobernuak proposamena atzera bota arren, berak aplikatzeko.
EAJk abstentzioaren alde egin zuen, Kutxabanken eskaerarekin bat egiten ez duela argudiatuta, “lehiakortasuna kontuan hartuta kaltetuta” aterako dela iritzita. PPk alde bozkatu zuen azalpenean aldaketa bat kentzeko eskatuta ‘deitoratuz [gobernuaren] nagikeria interesatua’. Hori kentzea onartu zuen mozioa egin zuen taldeak.
Zaharren egoitzei dagokionez, batez ere gatazkaren iturri izan den lan erreforma kritikatu zuten mozioaren alde egin zuten Errenteriako Ezkerrak eta Bilduk. EAJ eta PSE-EEk, ordea, herrian gatazka horren menpe dagoen egoitzarik ez dagoela esan zuten, eta horregatik, kontra bozkatuko zutela. PP abstenitzekoa zen, baina azkenean ere kontra bozkatu zuen.
Bestalde, Euskararen Aholku Kontseilua arautzeko erregelamendua aurrera atera zen aho batez, eta galdera eta eskaeren atalean ez zen gairik atera.