Espigoi ondoan dago aldundiko Ingurumen Arloak sorturiko duna
Dena ia prest dago bihar hondartza denboraldiari hasiera emateko. Banderak bere tokian, aldagelak eta komunak txukun eta harea garbi. Eguzkia ere atera da gaur eta hondartza giroan egin du Juan Mari Altura Zerbitzuetako zinegotziak denboraldiko aurkezpena.
Berrikuntzekin dator denboraldia. Batetik, aparkalekuko kudeaketa udalaren esku geratu da berriro, Jaurlaritzak hala erabaki ostean. Makinak jarrita daude eta goizean azken ukituak ari zitzaizkion ematen teknikariek makinei eta arratsalderako prest egongo dira, kobratzeko. Bizikletentzako aparkalekuak ere udalak zainduko ditu eta, duela bi urte bezala, bideo-kamera sistema ezarri dute, lapurretak ekiditeko.
Hondartzaren itxura ere aldatuta aurkituko dute erabiltzaileek, aldundiko ingurumen teknikariek duna natural txiki bat sortu zutelako espigoi aldean. Neguan jarri zuten eta udaberriko eguraldi kaxkarrari ederki eutsi diote landare lerroek.
Autokarabanak egunez
Eta, azkenik, aparkalekuaren sarreran lekua hartzen duten autokarabanek, egiten jarraituko dute, baina egunez bakarrik, ezingo dute gauean geratu. Nahi dutenek, Lurgorrin Kanper enpresak kudeatuko duen aparkalekuan egin dezakete lo. Aparkalekua autokarabanentzat egokitu dute eta etxola bat eraiki dute, bertan sartzen direnek behar dituzten zerbitzuekin: ura, eta abar.
Bestela, Hondarribiko hondartzak beste urte batzuetako zerbitzuak eskainiko ditu. Bidasoa XXI. Igeriketa Klubekoak ari dira igerilekua prestatzen eta beste jarduerak ez dira faltako Tin-tin gunean. Surf eskolek ere dena prest dute nahi dutenentzat eskaintzak egiteko eta abuztuan, azken urteetan bezala, egokitutako bainu zerbitzua izango da.
Altunak azaldu duenez, udalak 300.000 euro gastatu ditu hondartza prestatzeko eta zenbait arlotako langile talde bat aritu da lanean dena prest egon dadin. 2011N ISO 9001 eta 14001 ziurtagiriak lortu zituen eta, etxeko lanak ondo egin dituztenez, bandera urdina eta berdea mastaren goiko aldean daudela irekiko da bihar bainu denboraldia.