Udaberri jaia egingo du larunbatean, Lezoko Irrien Lagunak taldeak
Ikasturtea “alai” amaitzeko udaberri jaia antolatu du larunbaterako Lezoko Irrien Lagunen taldeak. Familia giroko egun pasa egingo dute eta horretarako 10:00etan Karlos Saldise plazan egin dute hitzordua. Mendi buelta egingo dute handik abiatuta eta 13:00ak aldera Altamira auzoko anfiteatroan bazkari autogestionatua egingo dute.
Bazkal ondoan jai giroan jarraituko dute eta horretarako jolasak antolatu dituzte Irrien lagunak taldeko kideek.
Urrian hasitako ekimena
Joan den urteko urrian eman zituen lehen urratsak Lezoko Irrien Lagunak taldeak, Irrien Lagunak Oarsaoldean egitasmoaren barruan. Helburua lezoarren parte hartzea eta euskararen errabilera bultzatzea izan dutela gogorarazi dute taldeko kideek: “Horretarako hainbat ekintza antolatu ditugu ikasturtean zehar, baina batez ere, haurren parte hartze prozesuak izan du piusu gehien orain arte”.
Pildaingo Orubea berreskuratzeko pentsatzen jarri zituzten Lezoko haurrak, eta parte hartze prozesuan aritu ziren lezoar txikiek ongi bete zuten eginkizuna, izan ere, bost proposamen adostu zituzten Pildaingo eremurako. Proposamen horiek alkate eta zinegotzien oniritzia eta babesa jaso zuten ondoren. Irrien Lagunen taldeak ekainean burutu nahi zituela parte hartze prozesuan erabakitakoak, baina arazo batzuk tarteko horretarako aukerarik ez duela izan jakinarazi du: “Pildaingo orubean herritarrek dakiten moduan, familia bat dago kanpin dendan bizitzen eta beraiek hor dauden bitartean ez daukagu adostutako proposamenak aurrera eramaterik”. Hasierako ideia bertan behera utzi behar izan dutela ondorioz, baina iraila-urrian berrartuko dutela azaldu dute. Larunbateko irteeran parte hartzera deitu dituzte Lezoko familia guztiak, “egun pasa ederra egingo dugulako”.