
Oarsoaldeko zinegotziak eta Kutxa Ekoguneko kideak, atzoko aurkezpenean
Kutxa Ekogunearen eta Oarsoaldeko lau udalen ekimenez, Ontziratu zaitez! izeneko kanpaina abian jarriko dute Oarsoaldean. Horren xedea da arrandegietan eta harategietan plastikozko poltsen nahiz paperen erabilera murriztea, eta horretarako milaka tuper erako ontzi emango dizkiete Pasaia, Lezo, Oiartzun eta Errenteria-Oreretako herritarrei. Dagoeneko eskualdeko 40 dena baimo gehiagok bat egin dute ekimenarekin, baina gehiago izango direla aurreratu dute ekimenaren antolatzaileek. Gainera, “kontsumo arduratsua” saritzeko hainbat sari emango dituzte. Urte bukaerara arte iraungo du kanpainak.
Hala, ekainean zehar, 14.000 tuper banatuko dituzte Oarsoaldeko lau herrietan ekimena aurrera eramateko (beheko koadroan daude horiek jasotzeko lekuak, nahiz ekimenarekin bat egin duten establezimenduak). Hala, arraina, haragia eta edo hestebeteak erosterakoan, horiek tuperrean sartzeko aukera izango dute herritarrek, eta horrela, sustatzaileen arabera, “erosketak erosoagoak izango dira, erosleek behin etxera iritsita ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute, eta gainera, saltokiek kostuen murrizketa baliatuko dute, paper nahiz plastiko gutxiago erabiliko dutelako.
Atzo eman zuten ekimenaren berri Antxoko Kultur Etxean. Bertan, Amaia Otazo Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria saileko arduraduna, Oihan Tello Oiartzungo Ingurumen zinegotzia, Izaskun Biurrun Pasaiako Sare eta Zerbitzu zinegotzia, Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ingurumen eta Zerbitzu zinegotzia, eta Mikel Arruti Lezoko Kultura zinegotzia izan ziren. 2011n abiatu zuen Kutxa Ekoguneak Ontziratu zaitez! kanpaina, eta Gipuzkoako hainbat herrietara zabaldu dute. Informazio gehiago
Kutxa Ekogunearen webgunean lor daiteke.
Ontzien banaketa
Hilaren 10ean hasita, ontziak noiz eta non banatuko diren jakinarazteko kartelak jarriko dira herri bakoitzeko denda eta informazio puntu nagusietan. Beranduago, ekainean eta uztailean zehar, ontzien banaketari ekingo diote. Momentuz Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan zehaztu dute hori nola egin; Pasaiako eta Lezoko ordutegiak ekainean zehar jakinaraziko dituzte.
Oiartzunen, honako egunetan jaso daitezke ontziak:
- Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara atez atekoaren bulegoan, baina auzoka. Horrela, astelehenean Karrika.Gurutze.Ergoien auzoetakoek jaso behar dituzte; asteartean Ugaldetxo eta Iturriotzekoek; asteazkenean Arraguakoek; ostegunean Altzibarkoek, eta ostiralean Elizaldekoek.
Errenteria-Oreretan horrela antolatu dute banaketa:
- Hilak 23, igandea, 10:00etatik 14:00etara Beraungo azokan.
- Hilak 24, astelehena, 10:00etatik 14:00etara Gamon Zumardian (azoka dago).
- Hilak 28, ostirala, 10:00etatik 14:00etara Xabier Olaskoaga plazan (Niessenen).
Pasaian eta Lezon hilean zehar jakinaraziko dute noiz banatuko dituzten, baina Lezon, esaterako, atez atekoaren bulegoan jaso beharko dira ontziak.
Ekimenarekin bat egin dutenak (behin-behineko zerrenda da. Gehiago atxikiko dira):
- Oiartzun: Maritxu eta Izaro arrandegiak, eta Martin, Lizar eta Zalakain harategiak.
- Errenteria-Orereta: Ritxar arrandegia, Aguado itsaskiak, Ludi bakailaoak, Oiartzun arrandegia, Mikel arrandegia, Jose Mari harategi-urdaitegia, Ahorramas arrandegia, Loren harategi-urdaitegia, Elizetxea harategia, Mikel Mitxelena harategia, Jose Mari harategia, Buenavida urdaitegia, Maria Elizegi harategi-urdaitegia, Maite bakailaoak, Itxasoa arrandegia, Jose Mari harategia, Salas harategia, Josean harategia, Urkatx arrandegia, Biañi harategia, Peio urdaitegia, Maria Ixabel arrandegia, Talaipe arrandegia, Uriña harategi-urdaitegia, Alameda itsaskiak, Eroski Niessen, Eroski Tomas Lopez, Eroski Jaizkibel.
- Lezo: Aliprox janari dena eta Begoña arrandegia (uztailean hasiko dira).
- Pasaia: lehen harremanak egiten ari dira herriko arrandegi eta urdaitegiekin.