Hilaren 13tik 16ra izango dira Eztena teatro eta dantza egunak, baina dagoeneko asteburu honetan horrekin lotutako ekitaldi bat egingo dute: haurren antzezlanak emango dituzte, larunbatean, 17:00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean.
Hamahiru taldek parte hartuko dute aurtengo ekitaldian: Zanguango/Monstrenko, Idoia Zabaleta, Huts teatroa, El Patio, Anakrusa, Bapatean zirko, O my god, Eneko Balerdi, Izaskun Lapaza, Las dos D, Gikitxaro, Ze onda eta Kabia. Diziplina anitzak landuko dituzte talde horiek: txotxongiloak, bakarrizketak, dantza garaikidea, musika, eta nola ez, antzerkia.
Arte eszenikoetan lanean ari den jendearen elkargune izan nahi du Eztenak, eta ohiko zirkuitu eta programazioetan ikusten zailak diren lanak erakutsi. Ikuskizun guztiak doan dira, baina jaialdia aurrera ateratzeko Eztena-kide egin daiteke. Alegia, ekarpen sinboliko baten truke antolatzen ari denari buruzko informazioa eta parte hartzeko aukera bermatzen da.
Egitaraua
Osteguna, hilak 13
- 17:00 eta 20:30: A mano, txotxongilo ikuskizuna, El Patio taldearen eskutik, Mikelazulon.
- 22:30: Zer duzu Amy? bakarrizketa saioa Oh my god-en eskutik, Reyna tabernan.
Ostirala, hilak 14
- 18:00: Kaleak astintzen, kaleko dantza ikuskizuna, Compañia de Danza Urbana eta Izaskun Lapaza eta Eneko Balerdiren eskutik. Slowww, Periodos eta Dantzan banaka ikuskizunak egingo dituzte.
- 19:30: Piezak, sormen prozesuan dauden lanen ikustaldia: Gilkitxaro, Saioa Royo eta Kabia.
Larunbata, hilak 15
- 12:30: Bapateanzirko taldearen eskutik, Tenderete zirkua, Xenpelar plazan.
- 19:00: Mikrouhina antzezlana, Ze onda taldearekin, Mikelazulon.
- 20:30: Anakrusaren In situ lana, Biteri txiki kalean.
- 22:30: Zanguango/Monstrenkoren Entre Lombrices antzezlana, Herriko Plazan.
- 00:00: Las dos D musika kubatarra, Txintxarri elkartean.
Igandea, hilak 16
- 18:00: Post-humos dantza performancea, Errenteria Hiria Kulturgunean.
- 19:30: Huts teatroren eskutik Publikoari gorroto antzezlana, Auditorioan.