Euskal Herriaren historiari buruzko hitzaldi sorta antolatu du Basari Foroak
Euskal Herriaren historiari buruzko hitzaldi sorta antolatu du Antxoko Basari Foroak hilabete honetarako. Gure Herriaren historia ezagutzen, gure historia eraikitzen lelopean egingo dituzte solasaldiak. Hitzaldi sorta horrekin “urrats bat aurrera” egin nahi izan du duela urte gutxi sortutako foroak. Orain arte “formazioan, hausnarketan eta eztabaidan” aritu dira.
Hitzaldi sorta modu kronologikoan antolatu dute, eta guztiak barrutiko Kultur Etxean izango dira, 19:00etatik aurrera. Lehenengoa hilaren 12an izango da, Beñi Agirrre historialari eta Nabarraldeko kidearen eskutik. Nafarroaren mendebaldeko konkista 1200 urtean izeneko hitzaldia emango du.
Astebete beranduago, Iñaki Egaña historialari donostiarraren txanda izango da. Aurten 200 urte beteko dira Donostia arpilatu eta erre zutenetik, eta hori izango du hizpide Konbentzio Gerra Gipuzkoan, edo Frantziako Iraultzaren oihartzunak gurean izeneko solasaldian.
Hirugarren, eta azken, hitzaldia hilaren 26an izango da. Ezker abertzaleko militante historikoa den Eugenio Etxebeste Antton izango da, Diktaduraren erreforma vs. diktaduraren haustura azaltzen.
Mende laurdena ospatzeko
Basari Foroak adierazi duenez, hitzaldi zikloa antolatzeko arrazoia: “Herri gisa aurrera aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa da atzera begiratzea”. Horrez gain, Basari elkarteak aurten 25 urte beteko dituela eta, forokoek “aletxoa” jarri nahi diote ospakizunari. Oarsoaldeko herritarrei bertara hurbiltzeko gonbitea luzatu diete.