Bidasoko XXVIII. Zikloturista Bira egingo dute igandean, hirugarrena Patxi Vila goitizena daramanetik. 200 zikloturista inguru espero dituzte eta horientzako bi ibilbide erakargarri prestatu ditu beste behin Hondarribiko Txirrindularitza Elkarteak (HTE). Ibilbide luzeak 132 kilometro izango ditu eta motzak 80 kilometro. Izena eman nahi duenak aukera du oraindik,
kirolprobak.com webgunearen bitartez.
Atzo egin zuten aurkezpena probako abiapuntu eta helmuga izango den Hondartza kiroldegian. Bertan izan ziren Jose Olaskoaga HTEren presidentea, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia, Juanjo Ormazabal taldeko kide eta Gipuzkoako Zikloturista Elkarteko presidentea, babesle nagusia den herriko Rural Kutxako zuzendari Arantxa Errazkin eta azken hiru urteetan martxari izena utzi dion Patxi Vila bera.
Vilarentzat ekitaldi berezia izango da, “jarduneko txirrindulari ez naizen lehen urtea izango delako”. Bere ustez HTEren martxa “oso polita da, baina asko eskatzen duena”, eta pozik azaldu zen zikloturista martxa delako, “sailkapenik eta txiparik gabea, zikloturismoa zikloturismo delako”.
Olaskoagak aurreratu zuenez, “ibilbide luzea helmugatik pasatzea exijitu” diete eta horregatik, ibilbidea ez da izango aurreko ekitaldietakoa. Hala, bi probetako parte hartzaile guztiak ordu berean abiatuko dira Hondartzatik, 08:30ean, eta lehen 80 kilometroak elkarrekin egingo dituzte. Hortik aurrera, batzuk bizikletatik jaitsiko dira eta beste batzuek jarraituko dute, ibilbide luzea osatu arte. Bestela, birako ezaugarri nagusiak mantentzen ditu III. Patxi Vila Martxak, haien artean, Jaizkibel —bi aldeetatik—, Erlaitz eta Aritxulegi mendateen igoerak.
Arauak betetzeko eskaera
Orotara, hogei motor izango dira ibilbidea zaintzen eta, berritasun bezala, Aritxulegiko tunela argituko dute lehen aldiz, “beste urte batzuetan izan diren ezustekoak ez gertatzeko”. Gipuzkoako Zikloturista Elkarteko presidenteak parte hartzaileei gogoratu zien arauak betetzeko daudela: “Zikloturista martxa bat da, eta ez lasterketa. Aurretik bi kotxe doaz eta horiek ezin dira inola ere ez aurreratu eta bide seinaleak errespetatu behar dira”. Askotan gauzak oso gaizki egiten direla aitortu zuen Olazabalek eta zera gaineratu zuen: “horrela jarraituz gero laster ezingo da zikloturista martxarik antolatu Gipuzkoan”.
Antolatzaileen lana nabarmendu zuen udaleko kirol zinegotziak. “Gure herrian HTEk aspalditik lantzen du zikloturismoa, eta herriko kirol elkarteen artean erro sendoak dituen elkartea da. Horregatik, zorionak eman nahi dizkiet proba egingo dute HTEko kideei, baina baita ere zoriondu nahi ditut beste lan guztietan aritzen diren horiek. Badakigu zein garrantzitsua den sare soziala izatea eta txirrindularitza elkarteak urtetik urtera erakutsi du baduela”, adierazi zuen Sagarzazuk.