
Oiartzungo Antzerki Eskolako ikasleak
Antzerki Jardunaldiak izango dira bihartik hilaren 22a bitarte Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak eta Oiartzungo Udalak antolatuta (behean egitaraua). Hainbat antzezlan ikusteko aukera izango da tarte horretan, adin guztietako jendeari zuzendua. Horietako lan batzuk Oiartzungo Antzerki Eskolako ikasleek taularatuko dituzte. Ikasturte honetan jarri da martxan Antzerki Eskola hamabi gaztetxoekin eta Lur Korta oiartzuarraren gidaritzapean. Gazteek antzerkia egiteko zuten hutsunea betetzeko asmoz sortu zen Antzerki Eskola esperientzia “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du Kortak. Hilaren 14a bitarte, gainera, heldu den ikasturtean Antzerki Eskolan aritzeko
matrikula zabalik dago. 18 urtetik gorakoek ere antzerkia egiteko aukera badute HELTAko antzerki taldean. Horiek ere euren lehen lana taularatuko dute jardunaldietan. Ekimen horri esker, Oiartzunen 6 urtetik gora antzerkia egiteko aukera dago.
Zer dela eta sortu zen Oiartzungo Antzerki Eskola?
Haurtzaro eta Elizalde ikastetxeetan aurretik antzerkia egiten zen, baina hutsune bat ikusten genuen: herri mailan gazteentzako eta helduentzako ez zegoen antzerkirik. Udalak antzerki munduan gabiltzanak bildu gintuen eta hortik abiatu ginen. Eta hortik abiatuta, iaz ikastetxetan esketx batzuk egin genituen DBHn eta Batxilergoan zeuden gazteei proposamena luzatzeko asmoz. Horrela, taldetxo bat sortu zen eta horrela hasi ginen. Ikastetxeetan euren dinamika jarraitzen dute eta gaztetxoen eta helduen antzerkian udalak babesten gaitu.
Antzerkigintza bultzatzeko ahalegina egiten ari zarete. Zergatik ikusten duzue garrantzitsu?
Azkenean eskaera bat dagoelako. Elizalden hiru talde daude (50 lagun) eta Haurtzaron bi (ia 30 lagun) eta gero jarraitzeko aukerarik ez zuten. Nik, adibidez, Orereta jo behar izan nuen, eta Oiartzunen bertan jarraipen hori ez egotea pena bat zen. Arrakasta izan du eta gauza politak egiten ditugu.
Zer da lantzen duzuena? Nolakoak dira eskolak?
Lehenengo urtea izanik pausoz pauso joan behar da. Pasaiako antzerki eskolan lanean egon nintzen eta Zurriolan klase batzuk eman nituen eta urte batzuk daramatzatenean antzerkian beste dinamika bat eramaten dute, baina hasieratik hasten zarenean zerotik hasi behar duzu. Hau da, Haurtzaro zein Elizaldekoak iristen direnean gazteak dauden mailara, landuagoak izango dituzte hainbat alor: gorputza, ahotsa, espresioa… Antzerki Eskolako gazteak orain hasi dira, beraz, klase erdia espresioa eta ahotsa lantzen ditugu eta beste erdia antzerkia egiten dugu, inprobisazioak eta. Nik nire ikasleei euren kezkez galdetzen diet eta hori lantzeko aukera izaten dugu.
Guk antzerkia ematen dugu, baina gauza askotan eragiten du. Adibidez, inauterietako ekitaldia aurkezteko eskatu ziguten, Donostia Kulturatik casting bat egitera etorri zitzaizkigun ikusi zutelako hemen bazegoela gaitasun handiko jendea, Berara joateko ere eskatu ziguten… Antzerkia ez da soilik astean ordu eta erdiko gauza bat, askoz gehiago da.
Zer prestatu duzue Antzerki Jardunaldietarako?
Guk gazteen kezkak inprobisaziotik abiatuta da taularatuko dugu. Kezka horiek gurasoak, drogak, azterketak, irakasleak, bullying-a… dira eta horiek islatu ditugu antzerkiaren bitartez.
Egitaraua:
- Hilaren 6an eta 11n: Oiartzungo Antzerki Eskolako gaztetxoek Elizaldeko eta Haurtzaroko ikasleen aurrean euren lanak aurkeztuko dituzte udaletxeko areto nagusian, goizean. Beraiekin batera Lasarteko Kukuka antzerki taldea ere arituko da.
- Hilaren 8an: Biba zorrixen izurritie! lana taularatuko du Markina-Xemeingo Abarka taldeak. Joseba Sarrionaindiaren lan batean oinarrituta dago eta Ander Lipusek zuzendu du. Sarrerak salgai daude: Garmendi txokolategian, Amazkarren eta Elorsoro kiroldegian, 5 euroren truke. Udaletxek areto nagusian izango da emanaldia, 22:00etan.
- Hilaren 22an: Hiru minutuko ametsak izeneko lehen lana aurkeztuko du HELTAko antzerki taldeak udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.