Duela hilabete hasi ziren atez ateko bilketa sistema erabiltzen Lezon, eta Ainhoa Zabalo alkatea “pozik” agertu da emaitzarekin: “Hilabete batean birziklatze maila hirukoiztea lortu dugu”. Hondakinen %27 gaika biltzetik %83ra pasatu direla zehaztu du, eta 55 puntutan hobetzea lortu dutela. Horrekin, hasierako aurreikuspenak “gainditu” dituztela adierazi du gaur, Ingurumen Eguna baliatuz.
Datu horiek herritarren inplikazioari esker lortu direla azaldu du Zabalok, eta euren atxikimendua “handia, oso handia” izan dela: “Zaborrak ateratzeko ontziak eta poltsak jasotzean agertu zuten lehendabizi, eta hilabete honetan baieztatu egin dute”. Aurrera begira, datuak hobera egingo duela “ziur” dagoela gaineratu du. Herritarrei eskerrak eman, eta “oso harro” dagoela adierazi du alkateak.
Atez atekoa martxan jarri denetik ez dela nabarmentzeko moduko intzidentziarik izan adierazi du Zabalok. Atez atekoa jarri aurretik zenbait zintzilikario kendu eta torlojuak puskatu zituzten. Horrez gain, Lezo Garbia plataformak
desobedientzia zibilerako deia egin zien herritarrei.
Zabalok atez atekoaren aldeko mezua bidali du, eta datu horiek atez atekoa “alternatiba onena” dela erakusten dutela. Alkatearen arabera, atez atekoak lanpostuak sortzen ditu eta merkeago ateratzen da.
Egunero pisatu
Datuak lortzeko, egun horretan jasotako gaia egunero pisatzen dute. Astelehen, ostegun eta larunbatetan organikoa; astearte eta ostiraletan ontzi arinak; asteazkenetan papera eta kartoia; eta igandetan errefusa. Hala, egunean zenbat kilo jasotzen diren eta kopuru horretatik zenbat doan birziklatzera kalkulatzen dute.
Hilabetean lortutako datuak kiloka
- Organikoa: 36.200
- Ontzi arinak: 11.540
- Papera eta kartoia: 13.660
- Errefusa: 15.860
- Beira: 15.251.