Aznarri esker

Artikulu honetan ere, nire buruaz hitz egiten arituko naiz, ez soilik jasotzen duena identifikatua sentitu daitekeelako, egozentriko samarra naizelako baizik. Aurreko batean, Aznarri egindako elkarrizketak, harridura sortu zidan, ez esaten zuenagatik, esaten zuen moduagatik baizik. Haren hitz egiteko moduak amorrarazi ninduen gehien. Aspaldian ikasten ari naizena da, aurreko pertsona ispilu bat baino ez dela, alegia, bestearena den zerbaitek amorrarazten banau, nigan alde hori badagoen begiratu beharko nukeela. Azken batean, egozentrismoa, norberak bere mugak ikusi nahi ez, eta bere burua gorago jartzen duenean praktikatzen da. Agian, bere lekua zein den ez dakielako. Aznarrek zion, Espainiak beharrez gero, berak ez liokeela muzin egingo bere ardurari. Erokeri izugarria da, estatu oso batek, pertsona baten beharra duela sentitzea. Egozentrismo horrek norbere gezurrak sinestera garamatza, horrek, pertsonetatik urrun egotea dakar, ez baita errealitatean bizi horrela dabilena. Psikopatia puntu batera eraman dezake pertsona, horrela soilik uler daiteke, egiten ari diren politikaren aurrean azaltzen ari diren azal gogorra eta sentsibilitate falta. Gainera, hainbeste energia jartzen duenak, bere egoak sortarazten dizkion ahuldadeak kudeatzen, (egoak, labana batek bezalaxe bi alde ditu. Alegia, gehienetan besteen gainetik sentitu nahi duenak, besteen azpitik egongo den une asko edukiko dituela) ezin du bere lanean duen guztirik eman. Arreta handiegia jartzen baitu errealitatea kontrolpean eduki nahian, eta horrek errealitatea ikusteko gaitasuna mugatu. Egoaren tranpa hau da. Nik, beti izan ditut oso gustuko BMW kotxeak. Baina, haietako bat gidatzen imajinatzen nintzen bakoitzean, ez nuen nire burua kotxearen barrutik ikusten, alegia, nire begietatik. Nire burua, besteek nola ikusiko ninduten imajinatzen pasatzen nuen. Pentsaraztera eramaten ninduen, gustatzen zitzaidana ez zela BMWa, benetan gustatzen zitzaidana, besteek ni BMWan ikustean, pentsatuko zutena imajinatzea zen. Hau da Aznarri begira zerbait ikasi dudan aldi bakarra.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.