Erraldoien tailerra antolatu du udaleko Kultura sailak Oiartzungo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin elkarlanean. Larunbat honetan, ekainak 1, izango da eta edonorentzako irekia dago: “Jende askok maite ditu erraldoiak, baina beldurra ematen dio azpira sartzeko pausoa ematea”. Hori horrela, beldur horiek kentzeko asmoa dute antolatzaileek; beraz, teknika pixka bat ezagutu eta dantza pauso batzuk irakatsiko dituzte. Baldintza bakarra jarri dute: 1,60 metro neurtzea gutxienez.
Donostiako Irrintzi konpartsakoek emango dute tailerra, 10:00etatik 13:00etara, Haurtzaro Ikastolako frontoian. Irrintzi konpartsak eskarmentu handia du, ia hamar urte daramatza erraldoien munduan eta topaketa askotan hartu du parte. Interesdunek Kultura sailarekin jarri behar dute
harremanetan; dena den, larunbatean bertan pilotalekura ager daiteke.
Oiartzunen lau erraldoi
Baserritar bikotea, Arditurriko meatzaria eta sendabelarren medikua. Horiek dira Oiartzungo Erraldoien konpartsak dituen lau erraldoiak. Jende falta dela eta, zailtasunak izan dituzte erraldoi horiek kalera ateratzeko eta mugimenduan jartzeko. Ikastarotxo hori egin eta gero norbait erraldoiekin ibiltzera animatuko balitz pozgarria izango litzateke konpartsarentzat.