Eugitik Irurita bidean, Nafarroan, Artesiaga gaina pasatu eta handik gertu, aldapan behera zoazela, Baztango bailara oinpean duen burdinezko eskultura bat dago. Gaua eguna gailentzera zihoan batean pasatu nintzen handik, bat-batean ikusi nuen, paraje bakarti eta eder hartan.
Zer ote zen, eta zer dela eta ote zegoen han asmatu nahian jaitsi nintzen Iruritaraino, eta han, bide ezagunagoetatik barrena egin nuen etxerakoa, jakin-minaren jakin-minez.
Google ahaltsuari galdetu nion Artesiagan ikustakoaz… galdera guztien erantzunak gorderik omen ditu gure begietara ikusezina den sareak. Harek esan zidan errepidea egin zuten langileen omenezko eskultura bat dela, eta egileak Bidegabekeriaren bidea izen iradokitzailea jarri ziola.
Eta hara nondik nora jakin nuen gora eta behera ibili nuen errepide bihurri hura nortzuk egina izan zen: 1936ko gerrako trabajadoriak, edo gerrako esklaboak, argiago esatea nahi baduzu.
Une batez, soinean halamoduzko jantzien eta eskas izango ziren mokaduek berdindu ez zituzten sabelen jabeak imajinatu nituen aitzurra eta pikotxa eskuan biderik ez zen lekuan mendiari arrastoa egiten: neguko hotzetan, euripean edota elurretan, udako eguzki errukigabepean… izan ote da, sekula, giro aproposik halako baldintzetan lan egiteko?
Lehenbailehen abandonatu behar ditugu bidegabekeriaren bideak
Badauzkagu bidegabekeriaren bideak hemen, eskualdean: Pikoketako, Jaizkibelgo eta Aritxulegiko errepideak eta tunela ere Langile Batailoiek egin zituzten, gerra ostean. Oiartzungo Kattin Txiki taldeak egin duen ikerketa lanaren arabera, 12.500 lagunek. Kasurik onenean barrakoietan pilaturik bizi ziren gizonak, inolako giza eskubide edota lan eskubiderik gabe, musutruk armapean lanean.
Gizon haiek denak beste hainbeste etxeetatik faltako ziren. Norbaitzuk izango zituzten etxeratzeko zain, baten batzuk sentituko zuten haien falta. Haietako hainbat ez zen sekula etxera itzuli: gaixotasunak, lanaren gogorrak edo egoera ezin eramanak, sinpleki, akabatu zituen. Beste zenbait hil egin zituzten, besterik gabe.
Hara zenbat urte igaro behar izan duten gertatutakoaren marra nagusiak, ez guztiak haatik, jakiteko. Eta oraingoan ere lan hori ez du inongo instituziok egin, ezta inongo epaitegik ere. Oraingoan, beste behin, herritarrek, guztion memoria, ukatu zaigun memoria hori berreskuratzeko eta argitara ekartzeko lana beren bizkar gainean hartu duten herritarrek egin dute. Berandu dator, ordea, hamarkada asko berandu, gizon anonimo haiei gertatutakoaren ezagutza, egin zietenaren aitortza. Berandu eta erdizka: ez baikenuen, Oiartzunen egin zuten aurkezpenean, agintari asaldatu gehiegi ikusi ez entzun, gizon haiek pairatutakoa gerraren albo-kalteak bailiran.
Bidegabekeriak bide ugari ditu; tamalez, gehiegi. Horietako bide asko Espainiako eta Frantziako mapetan markaturik daude, gure herrietatik etxekoak dituzten kartzeletaraino iristeko bideak. Egoera aldatu den arren, preso politikoentzat bideak ez dira etorrikoak bihurtu, artean.
Asteburu honetan berriro milaka eta milaka kilometro egingo dituzte makinatxo bat lagunek bidegabekeriaren bideetatik. Joan-etorrikoak izatea, inposatutako legeetan lekurik ez duen eta sekula hasi behar ez zen sakabanaketan bide luze eta krudel horren azken kilometroak izatea desio.
Lehenbailehen abandonatu behar ditugu bidegakeriaren bide horiek. Horretarako, lasterbide bat behar dugu, justizian oinarritutako askatasuna helmuga duena.
Lasterbidean ibiltzeko gonbita luzatuta dago, Oiartzunen ekainaren 2an. Presa dugu, bizia, azkar-azkar bidean jartzeko, lasterbidean, bidegabekerietatik alde egiteko, behingoz.