Lau urtetan Gipuzkoako areto futboleko hiru final jokatuko dituzte Errenteria-Orereretan, eta hirugarrena larunbatean izango da, 16:00etatik aurrera, Galtzarabordako kiroldegian. Garrantzitsuena, lehenengo mailako finala, 19:00etan hasiko da, eta Oiartzun eta Laskorain (Tolosa) nor baino nor ariko dira Euskal Ligara igo eta ligako titulua lortzeko.
Beste finalak bigarren maila eta Gazta Mailakoak izango dira. Bigarren mailakoa Hirukide Plomix (Tolosa) eta Denak taberna (Ibarra) jokatuko dute, 16:00etan; eta Gazte Mailako finala Goierri eta Egintzak, 17:30ean.
Gaur aurkeztu dituzte final horiek Luis Garrido Gamon kirol elkarteko kideak, Pablo Ibarreta Gipuzkoako Areto Futboleko Batzordeko presidenteak eta Unai Unsuain Errenteriako Udal Kirol Patronatuko presidenteak.
Ibarretak azaldu duenez, final irekia espero da, iaz Oiartzunek finala galdu zuelako, eta Laskorain, berriz, Espainiako Hirugarren mailatik jaitsi delako lurraldekora arazo ekonomikoak medio. Bigarren mailako lehia, berriz, “derbi bizia” izango dela uste du areto futboleko presidenteak. Azkenik, gazteetan Egintzak berriro finala jokatuko duela nabarmendu du.
Iñaki Orobengoari omenaldia
Ekitaldian irabazleentzako kopak ez dira banatuko dituzten sari bakarrak izango. Izan ere, Iñaki Orobengoa arbitroa omenduko dute areto futbolean egin dituen 30 urteengatik eskerrak emateko. “Gipuzkoako areto futbolean jokatu duen edonork esan dezake Orobengoak arbitratu duela”, adierazi du Ibarretak.
Horrez gain, gol gehien sartu dituzten jokalariei ere emango dizkiete sariak. Lehenengo mailan, Aitor Iturralde (Noto), bigarren mailan Iñigo Orrantia (Orixe) eta gazteetan Beñat Ugarmendia (Eskolapioak).
Garrido nahiz Unsuainek nabarmendu dute play offean galdu ondoren, Gamon ez dela bigarren mailako finalean egongo. Hala eta guztiz ere, herritar guztiak animatu dituzte final horiek ikustera. Horrez gain, Garridok esan du Gamonen helburua ez dela finalera iristea bakarrik, baizik eta herrian areto futbola sendotzea baizik. Horrela jarraituta, finala laster etorriko dela iritzi dio.