Bihar, ostegunarekin hasiko dira Anaka auzoko jaiak. Astelehena arte luzatuko dira, baina asteburuan pilatu dituzte antolatzaileek ekitaldi gehienak. Besteak beste, Euskadiko Trialsin Txapelketako lehen proba egingo dute larunbatean Puianan eta ostiral eta larunbatean musika izango da, gauean. Igande eguerdian, Irun Hiria Musika Bandak joko du, Aristegi enbaxadorearen plazan.
Ostegunean Auzo Elkartearen ateak irekiko dituzte, urtean zehar egindako lanak erakusteko eta ostiralean haurrek margo lehiaketa izango dute eta gazteek metal kontzertua gauean, Mandragora Negra eta Zeitgeist taldeekin.
Larunbata, egun handia
Larunbatean goiz osoan animazioa izango da Aristegi enbaxadorearen plazan. Besteak beste, Auntxa Trikitixa Eskolaren emanaldia izango da, eguerdian. Artisau produktuen azoka jarriko dute plazan, baita elkartasun azoka ere. Izan ere, Caritasek postua jarriko du garai hauetan gehien behar dutenentzat elikagaiak biltzeko. Erakundetik esan dutenez honakoa da gehien behar dutena: azukrea, kontserbak (atuna, sardinak, melokotoia, etab.), olioa, esnea, gailetak eta cacao hautsak.
Ondoren, herri bazkaria izango da, Hiru Bide institutuan. Bazkarian bi lagunentzako afari batentzako zozketa egingo da, Cafe Irunek eskainia. Gaur (asteazkena) da larunbateko bazkarirako txartelak erosteko azken eguna. Fekar ferreterian eros daitezke, 20 euroan (10 euro haurrentzat).
Arratsaldean hainbat ekitaldi egingo dituzte, gehienak plazan. Nabarmentzekoa da Euskadiko Trialsin Txapelketako lehen proba egingo dutela Puiana, 16:30etik aurrera. Musika ere ez da faltako, aratsaldean Irungo Atsegina txarangarekin eta gauean disko-festarekin.
Igandea musika eta dantzarako
Igandean ere zer egin eta batez ere zer entzungo da Anakan. Txistulari Bandarekin esnatuko dira anakarrak eta eguerdian Irun Hiria Musika Bandak kontzertua emango du, plazan. Patata tortila lehiaketa, jolasak, dantza erakustaldia… ekitaldiz beteta dago igandeko egitaraua.
Astelehenean bukatuko dira Anakako jaiak. Ekitaldirik ez dago egun horretarako programatuta, baina haurrek barraken eguna ospatuko dute.
Anakako jaiak. Egitaraua
Hilak 23, osteguna
- 19:00. Ate irekietako jardunaldia auzo elkartean. Ikasturteko lanen erakusketa eta luntxa.
Hilak 24, ostirala
- 17:00. Umeen Margo Lehiaketa eta mendaria, Auzo Elkartearen egoitzan. Mailak: 5-6 urte, 7-8 urte eta 9-12 urte. Sari banaketa igandean, 18:30ean, Aristegi enbaxadorearen plazan.
- 19:00. Pala partida, auzoko frontoian. Peio Santesteban omenaldia .
- 21:00.Rock kontzertua: Embajador Aristegi enparantzan. Mandragora Negra eta Zeitgeist.
Hilak 25, larunbata
- 10:00 – 14:00. Artisau eta elkartasun azoka, Aristegi enbaxadorearen plazan. Ponietan ibilbideak egingo dituzte haurrentzat.
- 12:00. Auntxa Trikitixa Eskolaren emanaldia, Aristegi enbaxadorearen plazan. Ondoren, Aragoiko jotak, Rasmia taldearen eskutik, Aristegi enbaxadorearen plazan.
- 14:00. Herri bazkaria: Hiru Bide institutoan. Ondoren herri jokoak.
- 16:30. Euskadiko Trialsin Txapelketako proba. Puianako txakur parkearen ondoan (sari banaketa 19:30ean Aristegi enbaxadorearen plazan).
- 18:00. Kalejira Irungo Atsegina txarangarekin, auzoko kaleetan zehar.
- 20:00. Karaokea, Aristegi enbaxadorearen plazan.
- 21:30. Ihauterietako Arbes Konpartsa, Aristegi enbaxadorearen plazan.
- 22:00. Disko-festa, Aristegi enbaxadorearen plazan.
Hilak 26, igandea
- 09:00. Udal Txistulari Banda ariko da auzoan zehar.
- 10:00. Patata tortilla lehiaketa, Washington tabernaren ondoan.
- 12:30. Irun Hiria Musika Bandaren kontzertua, Aristegi enbaxadorearen plazan.
- 12:30. Toka txapelketa, Hirumugarrieta kalean (Mariño parean).
- 17:00. Umeentzako jokoak, Aristegi enbaxadorearen plazan. Ondoren mendaria.
- 19:00: Dantza erakustaldia hiriko hainbat eskolen eskutik.