
Bioterraren hamargarren ekitaldia, postua jarriko duten enpresen kopuruari dagokionez behintzat, arrakastatsua izango da. Denera 130 erakuskerarik konfirmatu dute bertan izango direla, hau da, Ficobaren azalera osoa hartuta dago dagoeneko. Ekainaren 7tik 9ra egingo dute produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka. 10.000 bisitari baino gehiago espero dituzte egin horietan Ficoban.
Erakusketa azoka bakarrik ez. Bioterraren inguruan hainbat jarduera paralelo egiten dituzte, eta aurten horiek 70 bat izango direla jakinarazi dute antolatzaileek: tailerrak, hitzaldiak, eskolak, master-class-ak… Horietatik 50 bat izaera praktikokoak izango dira,
Sukaldean izeneko gunekoak horien artean. Bertan, produktu freskoei buruzko azokan dauden elikagaiak erabiliko dituzte barazkekin edari naturalak egiteko, lurrun sukaldaritzaren teknikak erakusteko, sukaldaritza begetarianoa lantzeko, edo pasta freskoa egiten ikasteko.
Saborea Irun Dastatu ekimenak ere tokia izango du Bioterran. Horren harira, hitzaldi-eskolak emango dituzte, baita txokolate ekologikoari buruzko tailer bat ere, haurrentzat eta helduentzat.
Tailerren barruan, besteak beste, makillaje ekologikoari buruzko bat egingo dute.