#M30 Greba : datsegit ala desatsegit?

Greba orokorrerako deialdi berri bat: 2013ko maiatzaren 30a. Eta hasi gara beste behin hainbat lankide kalakan grebaren eraginkortasunaz, soldata galtzeaz, komitearen eta langileagoaren arteko ustezko lubakiaz, informazio faltaz, bestelako aukerez eta abarrez hitz egiten. Denak dira iritziak ahotan. Egiari zor, ohiko moduan, ez dugu erabateko adostasunik lortu, baina hasieran baino argudio gehiago darabilkigu bueltaka buruan, eta laneko mahaian eseri garenerako ez ditugu gauzak lehen bezain sinple edo argi ikusten eta eztabaidak jarraitzen du isilean, norberaren buruan. Eskertzen ditugu horrelako tarteak. Ez gaude ordenagailuaren aurrean, ez gaude gure sakelakoaren pantailari edo WhatsAppei edo txioei begira. Elkarri begira aritzen gara hizketan, eztabaidan, bat-bateko bertsoan bezala, argudioak botaz, amaierako mezua biribildu nahian.

Zer nahi duzue esatea, graba orokor berri bat egiteko arrazoiak egongo dira, baina jendeak gogo gutxi. Ez da ulertzen, aurreko greben emaitzak eskuan, zergatik egin behar den greba oraingoan ere

Izan ere, dikotomiazko mundurako badira beste tramankulu edo foroak. Patxadarik gabeko berehalako erabakitze espazioak. Zerbait erabakitzen dugula edo gure iritziak balio duela sinestarazten gaituzten aukeratze faltsuena: «Ados al zaude greba deialdi berriarekin? Klikatu datsegit edo desatsegit. Erreala Europarako sailkatuko da? Klikatu bai edo ez. Nork irabaziko ditu hurrengo hauteskundeak? Klikatu zure aukera proposatzen zaizun zerrendan. Funtzionarioak alperrak al direla? Bidali sms-a (sms-aren kostua 1,50 euro + BEZ) eta irabaz ezazu bizi osorako hileko 6.000 euroko diru saria. Barça ala Madril, PNV ala EH Bildu, neska ala mutila, aurretik ala atzetik… «Klik, klik, klikatu. Boterea zure eskuan dago, zuk erabakitzen duzu. Hau da egiazko demokrazia zuzena. Azkarra, berehalakoa. Nahi duzun unean, nahi duzuna erabaki dezakezu. Zuri ala beltz. Bai ala ez. Alde edo aurka. Nahi duzuna, nahi duzun eran. Burujabea zara. Zure esku dago. Zu eta beste inor. Zu, super zu! Munduaren gidari, besteen zoriaren erabakitzaile klik bakarrean. Garaile ala galtzaile izatea Zure esku dago. Zu = Jainkoa». Zer nahi duzue esatea, greba orokor berri bat egiteko arrazoiak egongo dira, baina jendeak gogo gutxi. Ez da ulertzen zergatik orain eta ez apirilaren 30an edo ekainaren 13an. Ez da ulertzen, aurreko greben emaitzak eskuan, zergatik egin behar den greba oraingoan ere. Ez dakigu zertarako balio duen greba egun batek hurrengo egunean ez bagara hobeto sentituko, ez bagara berrindartuta sentituko, ez badigu ezer berririk eskainiko, bestelako ilusio edo grinarik sorraraziko. Zinez ez dakigu. Akaso, langileon eskubide bat delako eta martxa honetan greba eskubidea kenduko digutelako? Akaso. Akaso, beren zirkunstantziengatik greba egiterik ez duenarengatik? Akaso. Akaso, hilabetean 420 eurorekin moldatu behar duen familia horrengatik? Akaso. Akaso, greba egitea erabakitzeak gertatzen ari den guztian pentsatzeko eta datsegit-desatsegiteko mundutik aldentzeko eta lankideekin eztabaidatzeko aitzakia izateko, eta egungo munduaren konplexutasunaz jabetzeko balio digulako? Akaso. Akaso, soldata galdu edo ez, eraginkorra izan edo ez, mugarik gabeko bidegabekeri honen aurrean duintasuna zer den presente dugula erakusteko, bestelako baloreak ordezkatzen ditugula adierazteko eta beren alde lanean jarraitzeko prest gaudela adierazteko? Akaso. Akaso, antzeko kezka eta ametsak ditugun lankide, auzotar edo herrikideekin elkar topatu eta konspiratzen jarraitzeko. Akaso. Datsegizu ala desatsegizu?
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.