Bidegorrian
Gauza ederra da larunbatean parrandarik egin ez eta igandea aprobetxatzea. Gauza ederra eta, adin honetan, arraroa. Duela aste pare bat igande goiza aprobetxatzeko gogoz esnatu nintzen. Oreretan artisau azoka zegoela eta, Oiartzundik oinez joatea pentsatu genuen lau lagunek: Oreretara jaitsi, azoka ikusi, pote pare bat hartu eta buelta etxera. Plan polita eta lasaia, oso lasaia. Hala uste genuen behintzat.
Gure usteak erdi ustelak bihurtu ziren martxan jarri orduko. Lasaia zirudien ibilbidetxoa eromen bilakatu zen bidegorrian sartzean. Bidegorria, asmakizun bikaina: sanoa, naturala, erosoa, polita. Baina hain sanoa, naturala, erosoa eta polita dirudiena eraldatu egiten da igande goizetan. Ikaragarria da igandetan bidegorrian biltzen den jende andana. Eta oraindik ikaragarriagoa hainbeste urteren ondoren jendeak bidegorrian ibiltzeko duen abilezia; abilezia eza, noski. Traketsa da gero jendea! Iganderik eguzkitsuena ere petraltzen dizute batzuk.
Ikaragarria da igandetan bidegorrian biltzen den jende andana.
Eta oraindik ikaragarriagoa hainbeste urteren ondoren jendeak bidegorrian ibiltzeko duen abilezia; abilezia eza, noski
Badira bizikletan tropelean joaten diren lagunak: bost txirrindulari bata bestearen bazterrean eta lasai arraio hizketan. Eta baztertzen ez bazara erne e, txirrina joko dizute eta! Ziztu bizian pasatzen dira batzuk, Italiako Giroan egongo balira bezala. Txirrindularien joan-etorriak saihesteaz gain, aurrera begiratzen ez dakiten herritarrak ere saihestu beharrean aurkitzen zara. Bada hizketan, patxada ederrean eseak egiten ibiltzen denik ere, bidea hutsik balego bezala. Eta patinetan pasatzen den gaztea, eta haurrari bizikletan ibiltzen erakusten ari den gurasoa, eta… Eta, larriena: oraindik bada bidegorriko zein aldetatik joan behar duen ez dakien jendea. Hain zaila al da ba? Oiartzunen oinezkoak erreka aldetik eta bizikletan, patinetan eta dena delako tramankuluetan doan jendea mendi aldetik. Joateko eta etortzeko berdin. Berdin-berdin. Eta bestela lurrean bi urteko haurrak ulertuko lituzkeen marrazkiak daude seinale moduan. Hain zaila al da? Benetan al da hain zaila?
Oztopoak oztopo, bidegorrian bada gauza onik ere. Herritarrekin harremanak egiteko eta hango eta hemengo kontuen berri izateko balio du behintzat. Zenbat txutxumutxu, zenbat berriketa! Bidegorriarekin ez dago ile-apaindegira joan beharrik. Herritarren kontuek eta agurrek alaitzen dute giroa eta bestela beti egoten da irratia herri guztiak entzuteko moduan eramaten duen agureren bat.
Izan agurea, bizikletan ibiltzen ikasten ari den haurra, herriko berritsua edo larunbatean parranda egin ez duen gaztea, mesedez eta faborez, ikasi bidegorrian ibiltzen. Jarraitu marrazkiak, begiratu aurrera eta gozatu igandeaz.