Bilduren zinegotziak gaurko agerraldian
Hondakinen gaiaz mintzatzeko kazetariak deitu dituzte Hondarribiko eta Irungo Bilduren zinegotzi taldeek gaur goizerako Irungo Alkartetxean. Hasiera batean bosgarren edukiontziari nolabaiteko babesa eman eta gizarteari gaikako bilketa sistemaren garrantziaz ohartaraztea zen euren asmoa, baina asteartean Txingudiko Zerbitzuen batzarrean Juana Bengoetxea ordezkari popularrak Bidasorako errauskailu bat proposatu izanak euren asmoa aldarazi du.
Oinatz Mitxelenak nabarmendu du Bidasoak hondakinekin duena “aspalditik duen arazoa” dela eta gehitu du “harritzekoa dela udalek arazoa hau konpontzeko irtenbiderik jarri ez izana”. Baina konponbidea “inolaz ere ez da errauztegia” eta gogorarazi du garai batean herritarrek euren iritzi eman zutela: “Badirudi ahaztu dituztela errauskailuaren kontrako mobilizazioak, herri kontsulta ere egin zen eta argi geratu zen Irun eta Hondarribiko herritarrek ez dutela errauskailurik nahi, ez hemen eta ez inon”.
Bildurentzat, “beldurgarria” da astearteko batzarraren ondoren errauskailua alternatiba izan daitekeela pentsatzea, baina “mamu hori mahai gaineratu dela argi dago, eta hori guk ezin dugu onartu”. Bi hirietako udal taldeei zuzendu zitzaien Mitxelenak, birziklatze tasak handitzeko bidean euren konpromisoa agertzeko: “Arazoari irtenbidea eman nahi diogu eta irtenbide horrek bi oinarri izan behar ditu: batetik, birziklatze tasa altuak lortzea, egungoak baino askoz altuagoak, eta, bestetik, horretarako ezinbestekoa da gaika biltzea, sistema bat edo beste izanda”.
Birziklatze tasa altuak izateko, Bildurentzat nahitaezkoa da “eskualdearen % 100ak birziklatzea”, eta horretarako “derrigorrezkoa” izan behar duela uste dute. “2007an edukiontzi berdeetan egindako azterketek erakutsi zuten oso gaizki birziklatzen dugula, eta hori borondatezkoa delako gertatzen dela argi dago”, gaineratu zuen Bilduren zinegotzi irundarrak.