Errenteriako EAJ: "Bilduk herritarrak zigortu ditu diru bilketa hutsa helburu duelako"
Errenteriako EAJk salatu du etxebizitza hutsen gaineko zerga gehigarria %100 igo duela “Errenteriako Bilduk”. Horren ondorioz, igoera hori jasango duten 1.200 etxebizitzen artean, 500 alegazio jaso direla esan dute jeltzaleek, “jende ilara handiak izan dira udaletxean alegazioak aurkezteko”. Eta eskaera egin diote Bilduri: “Zerga hau berriz ere aztertu, eta jaitsi behar dute. Herritarrak zigortu ditu diru bilketa hutsa helburu duelako”.
EAJren udal taldearen bozeramaile Maite Peñaren arabera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gai horren gaineko foru araua adostu zutenean jeltzaleak horren kontra agertu ziren, “aurretik adostu behar dena da zer den etxebizitza huts bat”. Hala, Errenteria-Oreretaren kasuan, “herritarrei bizkarra ematea” egotzi dio EAJk Bilduri zerga hori igotzerako garaian, “are gehiago krisi ekonomiko garai honetan beharrezkoa baita errenteriarren egoera pertsonalak kontuan hartzea”. EAJk berretsi du igoera hori “berriz ere aztertu” behar dela, eta “etxebizitza hutsaren benetako definizioa” argitu behar dela, “zerga modu bidezkoan ezartzeko”. Aldi berean, bide horri eusteko lankidetza eskaini du EAJk, “udalaren helburu nagusi errenteriarrak izan daitezen”.