Diru iturri eta biztanle gehiago izango ditu Pasaiak, etxebizitza hutsengatik

Ondasun Higiezinen Zergan etxebizitza hutsek %150 gainkarga izango dutela onartu zuen Pasaiako Udalbatzak. Horren harira, herrian zenbat etxebizitza huts dauden jakiteko ikerketa abiatu, eta herri osoan 587 daudela jakinarazi zuen Jose Luis Sanz Ogasun zinegotziak. Horien jabeek 238 alegazio aurkeztu zizkioten errolda horri, eta horietatik 187 onartu ditu udalak: horietan, etxebizitza huts bezala katalogatuta dauden arren, jendea bizi da. Horrek hainbat ondorio, onak, ekarriko dizkio udalerriari. Batetik, 400 etxe ingururi Ondasun Higiezinen Zergan %150eko gainkarga ezarriko diete, hau da, udalak horiengatik diru gehiago bilduko du zerga bidez. Bestetik, etxe huts bezala izendatuta zeuden, baina herritarrak bizi ziren etxeetako biztanleek Pasaian erroldatu beharko dute, hau da, Pasaia biztanle gehiago izatera pasatuko da, hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herriak Finantzatzeko Foru Funtsetik ditu gehiago jasoko du herriak, funts horrek biztanleen araberako diru banaketa egiten duelako. Datu horiek astearteko udalbatzarrean jakinarazi zituen Ogasun zinegotziak.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.