"Errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera badugu"
Oiartzungo Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte oiartzuarrak. Horren arrazoia argi dute: “Euskaraz egiteko aukera badugulako”. Errenta aitorpena egiteko hiru bide daudela gogorarazi dute eta hirurak euskaraz egin daitezkeela nabarmendu.
Horietako aukera bat autolikidazio proposamena da, zergadunak eginda etxean jasoko duena. Bestea mekanizatua da, hori Ogasuneko bulegoetan egiten da, aldez aurretik hitzordua hartuta. Eta hirugarrena Internet bidez egiten dena da; kasu horretan, zergadunak berak edo aholkulariek egin dezakete.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko beste arrazoi bat ere azaldu dute: “Ogasuneko teknikariak eta aholkularitzetako teknikariak horretarako prestatuta daudelako eta gaztelaniaz egitea bezain segurua delako euskaraz egitea”.
Iaz hainbat herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, 1 681k hain zuzen ere. 2005ean, esaterako, 297 oiartzuarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz eta kopuru hori urtetik urtera handituz joan da, iazko urteko kopurura iritsi arte. Hemendik aurrera hori ere handituz joatea nahi dute, “gure esku dagoelako”.