Ama Guadalupekoak hamabi judoka sailkatu ditu Espainiako haur eta kadeteen Txapelketarako
Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo Taldeak emaitza bikainak eskuratu zituzten igandean Errenteria-Oreretako Galtzaraborda kiroldegian egin zen Euskadiko Txapelketan, eta bederatzik Espainiako Txapelketarako txartela lortu zuten, bakoitza bere pisuko finalera iritsita. Horiez gain, Lidia Yarzak, Amets Sarasuak eta Iker Otegik ez zuten parte hartu, baina estatuko txapelketan izango dira. “Rankinagatik sailkatuta daude Espainiako Txapelketarako eta atsedena behar dute”, azaldu dute klubetik. 2013ko haur eta kadete mailetako Espainiako Judo Txapelketa a Coruñan (Galizia) antolatuko dute, maiatzaren 17tik 19ra.
Haurren Mailan Aitor Goikoetxea (-42 kilo) eta Antxon Mitxelena (-50) sailkatu ziren. Maialen Alzak eskuetan izan zuen sailkapena bere lehen urtean, baina azken borroka amaitzeko bi segundu falta zirenean galdu zuen eta finaletik kanpo geratu zen.
Kadete Mailan zuen Ama Guadalupekoak partaidetza handiena eta maila horretan eskuratu zituen, halaber, emaitza onenak. Hamahiru judoka izan ziren Errenterian eta denek lortu zituzten dominak: zortzi urrezko, lau zilarrezko eta brontzezko bat.
Nesketan Maialen Ramosek (-57 kiloetan), Enara Sagarzazuk (-63), Nekake Quiñonesek (-70) eta bere ahizpa Mariasunek (+70) Espainiako Txapelketan aritzeko txartela lortu zuten, laurek euren pisuan irabazita.
Mutiletan, finalera iritsi eta Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortu zuten Hondarribiko kirolarien zerrenda luzea da: -50 kiloetan Iñaki Lekuona eta Oier Goikoetxea —Lekuonarentzat izan zen urrea, -55etan Antxon Lekaroz eta Andoni Gorrotxategi —Lekarozek irabazi zuen eta Iñigo Gonzalez hirugarren geratu zen—; eta 81 kiloetan Martxel Eizagirre —zilarra izan zen—.
Horrenbestez, Ama Guadalupekoa judo taldeko hamabi kirolari joango dira Haurren eta Kadeteen Espainiako Txapelketara: Aitor Goikoetxea eta Antxon Mitxelena, haurretan, eta beste hauek kadeteetan: Andoni Gorrotxategi, Maialen Ramos, Enara Sagarzazu, Nekane Quiñones, Amets Sarasua (-70), Mariasun Quiñones, Lidia Yarza (+70), Oier Goikoetxea, Antxon Lekaroz eta Iker Otegi (-66).