GZZ Gipuzkoa Zero Zaborrek —tartean, Lezo nahiz Pasaiako Zero Zaborreko kideek— “zaborra jasotzen duten herriekiko daukaten zorra ahal den neurrian” kitatzeko asmoz, “konpromiso etikoa” aldarrikatu du, eta horrekin bat eginez, zero zabor taldeak dituzten udalerri guztietan mozioa aurkeztuko dutela jakinarazi du. Hiru puntu bilduko dituzte mozio horiek: murrizketa, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko ekintzak aztertu eta martxan jartzea; birziklatzea, sortutako hondakinak nahasi gabe biltzeko emaitza onenak lortzen dituzten bilketa sistema ezartzea; eta parte hartzea, herritarren parte hartzea bultzatzea, ondo informatuta egon daitezen, “helburu hori betetzeko proposamenak egin eta horien gainean erabakitzeko”.
GZZek “kezkaz” ikusten duela esan du “hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa jasaten ari den mutilazio saioa”. Batetik, “hondakinen bilketa ondoren eman daitezkeen tratamenduetatik bereizteko ahalegina” dagoela esan du, eta zentzugabekeriatzat jo du “gaika biltzearen alde egotea, eta gero horrekin egingo denaz kezkarik ez izatea”.
“Inork bere herrian nahi duena beste herrietako biztanleei inposatzeko eskubidea zertan oinarritzen da?”
Gipuzkoa Zero Zabor
Bestetik, bilketak udalerri bakoitzean bakarrik eragiten duela esan du: “Herri batean zenbat eta nolako zaborra jasoko duten erabakitzea bidaltzaileari dagokio, arazo sortzaileari, eta ez hartzaileari”. Horri lotuta, galdera bat bota du zaborra jasotzen edo jasoko duten Azpeitia, Zarautz, Beasain eta Zubietako biztanleei begira: “Inork bere herrian nahi duena beste herrietako biztanleei inposatzeko eskubidea zertan oinarritzen da?”. Zentzu horretan, herri horietako biztanleen ongizatea ezin dela gainerakoen utzikeriaren mesedetan sakrifikatu adierazi du.