PSE-EEk bidalitako argazkia
Errenteriako PSE-EEk salatu duenez, Fanderia ingurua (presa dagoen zubia eta Oiartzun eta Errenteria arteko muga) “kontrolik gabeko zabortegi” bihurtzen ari da, eta hori “Oiartzungo Bilduren ardura” dela esan du, “beste aldera begiratzen ari diren arren”. PSE-EEk iritzi dio “euren burua zabor eta birziklatzearen gorenentzat” daukatela, “eta gero ez dira gai Garbigunetik 100 metrora daukaten zaborra jasotzeko”.
Atez ateko bilketa sistemaren harira adierazi du Oiartzunek “jasotzen ez duena, kale garbitzaileen eguneroko zerbitzuan biltzen dena, eta beste herrietan uzten dena kontuan hartuta saltzen duen birziklatze tasa altua” dela.
PSE-EEren arabera, bidegorrian ibiltzen diren bizilagun askok ikusi ahal izan dute duela hainbat hilabetetatik toki horretan sortzen ari den “zabortegia”. Oiartzungo Udala hori kentzeaz ez dela kezkatu esan du PSE-EEk.
Talde sozialistak gaineratu du Ingurumen Batzordean horren berri eman zuela, eta Oiartzungo arduradunei hori jakinarazteko konpromisoa hartu zela. San Markoko Mankomunitatean ere gauza bera egin zuela esan du.
Horrez gain, Oiartzungo Udalari eskatu dio “arduraz” jokatzeko, eta “behin betiko zabortegi hori konpontzeko”.