Errepublika Egunaren gaineko irakurketa "positiboa" Oarsoaldean
Atzo goizean hainbat ekitaldi egin zituen Oarsoaldeko Talde Errepublikanoak Errenteria-Oreretan, eta horien guztien gaineko irakurketa “positiboa” egin du talde sortu berriak. Errepublika eta emakumea erakusketak “goiz goizetik interes handia” piztu zuela azaldu du, baita Xabier Olaskoagan hasi eta Herriko Plazan bukatu zen martxak ere. Talde errepublikanoaren arabera, ekitaldia ikurrina nahiz Errepublikako bandera jartzearekin amaitu zen, Antonio Priorrek izan zuen banderak eskegitzeko “ohorea”.
Orain, egun horren gaineko balorazioa egiteko, bilera bat egingo du, hilaren 24ean (asteazkena), 19:00etan, Merkatuzarren.
Aurreratu duenez, herritarrek emandako erantzuna ikusita, “Errepublikaren aldeko sentimendua Errenteria-Oreretan sustraitua” dagoela ondorioztatu du taldeak. Hala ere, Oarsoaldeko Talde Errepublikanoa hori “zabaldu eta espazioak lortzen” ahaleginduko dela azaldu du. “Askotariko ideia eta jendeak batzea du helburu, baina denak batera elkarrekin mobilizatzeko beharra dutenak”, gaineratu du.