Berriaren 10. urteurrenean 'Zertarako hegoak' estreinatuko dute Errenterian

Berria-k hamar urte beteko ditu ekainean, eta batik bat proiektua sustengatu duen komunitateari eskerrak emateko, hainbat egitasmo antolatu ditu. Lehenengoa, ostiralean izango da; Errenteria-Oreretan, hain zuzen. Etxeko talde batek, Metrokoadroka kolektiboak, Zertarako hegoak antzezlana estreinatuko du Errenteria Hiria Kulturgunean egingo den ekitaldian. 20:00etan hasiko da. Bertan kolektiboaren ideia landuko du Metrokoadrokak. Ekitaldian, gainera, denbora horretan Berria-ri sostengua eman dioten guztiak edukiko dituzte gogoan, eta ikus-entzunezko baten bidez, Berria-ren bilakaera ere ikusiko dute. Bideo hori Lorea Agirre kazetari eta Berria-ko langile ohiak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Arkaitz Cano idazleak osatu dute. Errenteria-Oreretako ikuskizunerako dagoeneko lor daitezke sarrerak Interneten www.berria.info-n; Errenteria-Oreretan, Errenteria Hiria Kulturgunean eta Arkaitza tabernan; Oiartzunen, Amazkar tabernan; San Pedron, Begi Haundi tabernan; Antxon, Kamio tabernan; eta Lezon, Tiñelu elkartean. Sarrerarengatik 5 euro ordaindu behar dituzte Berrialagun eta Berriako harpidedunek eta 10 euro gainerakoek.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.