Gaixotasun mentalak dituzten senideentzako ikastaroa Errenterian
Gaixotasun mentalak dituztenen familiek gaixotasun horiei buruz gehiago jakiteko ikastaro batean parte hartzeko aukera izango dute Agifes elkartearen eskutik. Maiatzaren 16 eta 30ean eta ekainaren 13 eta 27an izango da, Errenteria-Oreretako Xenpelar Etxean, bi orduz: 18:30etik 20:30era.
Agifesek gogorarazi duenez, nahasmen mental edo psikiatrikoa duten pertsonaren arreta edo elkarbizitza “zeregin zaila” izan daiteke, “eta batzuetan, familia arteko giroa egoera kaotiko batera eraman dezake familia arteko harremanak ezegonkortuz”. Horrenbestez, gaixotasunen berri emateaz gain, elkarbizitza hobetzea du helburu ikastaro horren bidez.
Izena emateko Agifes elkartera jo behar da 943 47 43 37 telefono zenbakira deituta. Doakoa da.