
Yarza, lortutako koparekin
Kadete mailako bigarren urtean dabilen Lidia Yarza judoka hondarribiarrak zilarrezko domina lortu zuen larunbatean Villaviciosa de Odon herrian (Madril) egin zen Gazte Mailako Espainiako Txapelketan. Euskadiko Federazio ordezkatuz, 78 kilotik beherako pisuan lehiatu zen Yarza eta iaz bezala, Aroa Martin gaztelarraren aurka galdu zuen finalean.
Lehen bi borrokak erraz gainditu zituen Yarzak, biak ippon bidez, Madrilgo Elisa Garciaren eta Alba Coruña Kanarietako ordezkariaren aurka.
Finalerdietan aurkari zaila izan zuen hondarribiarrak, joan den astean Coimbrako Nazioarteko Txapelketan bigarren geratu zen Silvia Aguilar madrildarra. Borroka latza izan zen eta azkeneraino ez zen erabaki, baina Yarza izan zen finalerako txartela lortu zuena, yuko batekin.
Iazko final bera
Finalean, iazko aurkari bera izan zuen Yarzak, Aroa Martin gaztelarra. Minutu batez eutsi zion hondarribiarrak Martini, baina hortik aurrera gaztelarra nagusi izan zen eta Ama Guadalupekoa taldeko kirolaria podioko bigarren koskara igo zen.
Hondarribiko taldetik Ronaldo Veitia entrenatzaileak bidaiatu zuen Madrilera Yarzarekin. “Txapelketa ona egin du Lidiak. Bere gaztetasuna ez da oztopo izan berea baino koska bat gorago dagoen maila bateko podiora berriro igotzeko, horretarako beharrezkoa den kalitatea eta grina erakutsiz. Baina, dominen gainetik, garrantzitsuena da ikasten ari dena, bere kirol etorkizunerako funtsezkoa izango baita hori”, esan zuen entrenatzaile kubatarrak txapelketaren ondoren.