Ereintzak ezin izan du Teucrorekin
Hiru jardunaldiren faltan, Ereintzak hari batetik zintzilik jarraitzen du. Larunbatean final moduko bat eduki zuen Teucroren kontra Galtzarabordako kiroldegian, baina ezin izan zieten galiziarrei eutsi, eta erabat nagusi izan ziren kanpotarrak. 25-37 irabazi zuten. Hemeretzigarren jardunaldiaren alderdi positibo bakarra kontrarioen emaitzak izan ziren, ez Amenabarrek ezta Barakaldok ere ez zutelako garaipenik lortu. Horrenbestez, hiruek jarraitzen dute jaitsierako postu bakarretik aldendu nahian. Aurten talde bakarra jaitsiko da mailaz. Ereintzak dauka oraingoz postu hori, azkena baita 7 punturekin. Amenabar zein Barakaldok 9na puntu dituzte.
Azken hiru partidak finala izango dira horrenbestez. Hurrengo lehia etxetik kanpo edukiko dute errenteriarrek Alconbendasen kontra. Lehia latza izango da laugarrenak baitira madrildarrak. Larunbatean izango da lehia, 20:00etan.