Atez atekoaren alde "sektore guztiak aktibatzea" eskatu du Eguzkik

Oarsoaldeko Eguzkik Lezoko eta Pasaiako udalek atez atekoa jartzeko hartu duten erabaki “ausarta” txalotu, eta sistema horren alde “sektore guztiak aktibatzea” eskatu du, “ingurumen kontzientziaren ikuspegitik atez atekoa Pasaian eta Lezon errazago ezar dadin”. Herri horietako hondakinen bilketarako egungo sistemaren “porrota” Oiartzungo datuek erakusten dutela uste du ekologia taldeak, eta atez atekoarekin hondakinen gaikako bilketan dagoen “inpunitatea” bukatuko dela uste du taldeak: “Lau edukiontzien sistema porrota izan da, birziklatze tasa irrigarria lortu da horrekin. Nagitasuna, utzikeria, inpunitatea eta ingurumenarekiko beligerantzia besterik ez dakar sistema zaharkitu horrek”. Eguzkik hiru ardatzetan kokatu du hondakinen “ingurumen arazo larriaren” konponbidea: zaborraren eta errefusa frakzioaren “erabateko gutxitzea”; beste frakzioen birziklapena %70-80ra iritsi dadila; eta “eskubiko lobby-ek bultzatu duten errausketa” alboratzea. Eguzkik jakinarazi du atez atekoarekin Europan indarrean jarriko den hondakinen gaineko legediarekin bat egingo dutela atez atekoa ezartzen duten udalerriek. Horrez gain, Lezon izan diren erasoak gaitzetsi ditu Eguzkik. Taldearen ustez, “EAJk bultzatu” ditu eraso horiek, “errausketaren aldeko bere interes ekonomikoak defendatzeko”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.