Oiartzun ibaian uholdeak ekiditeko lanak egin dituzte, Errenterian

Errenteria-Oreretako Lartzabal, Fanderia eta Gabierrota auzoetatik pasatzen da, besteak beste, Oiartzun ibaia. Zonalde horietan maiz izaten dira uholdeak, horregatik, Errenteriako Udalak erabaki du bertan uholdeak ekiditeko nahiz bertako habitata berreskuratzeko lanak egitea. Gipuzkoako Foru Aldundia herrialdeko ibai-arro guztietan egiten ari da gisa honetako lanak. Bertako habitata berreskuratzeko lanen artean, hainbat flora exotiko kendu dituzte, eta bertako 2.000 landare (haltza, lizarra, zumea, haritza…) jarri dira. Horrek uholdeak ez gertatzea ahalbidetuko du neurri batean, bertako espezieek eta heldutako oihan naturalek urari eusteko ahalmen gehiago dutelako. Aldi berean, erosioa ahalbidetzen zuten espezieak kendu egin dira, udalaren arabera “ekosistemaren errespetu oso-osoarekin”. Datorren hilean aldundiak landare exotikoak desagerrarazteko lanak bukatuko ditu, tratamendu kimiko berezi batekin. Aldi berean, udalak esan du duela urte batzuk ibaitik desagerrarazi zituztela bertan izaten ziren koipuak, “bertako espezieei eta nekazariei kalte” egiten zielako. Baina oraindik espezie inbaditzailerik badagoela esan du, Floridako dortoka eta arrai gorria, esaterako. Aldi berean, udalak esan du Oiartzun ibaira korkoina, platuxa, lupia, amuarraina, izokin atlantiarra, ureko oiloa, kaio lepagorria edo martin arrantzalea bezalako animaliak itzuli direla azken urteetan.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.