Gobernu taldearekin hitzartutako bi ekimen martxan direla esan du PSEk
Aurrekontuetan zenbait akordiotara iritsi ziren Errenteriako Udal Gobernu Taldea eta PSE-EE, eta talde sozialistak jakinarazi duenez, “fruituak ematen” jarraitzen dute. Hala, martxoko Gizarte Zerbitzuen batzordean beste bi proposamen aurrera atera dituztela jakinarazi du PSE-EEk: sukaldaritzako tailer okupazional bat eta larrialdiko udal laguntza osagarriak.
Babes sozialeko 80.000 euroko partidaren barruan daude bi ekimenak. Lehenengoa, gizarte bazterkerian erortzeko arriskuan dauden Errenteria-Oreretako biztanleei zuzenduta dago, eta ohiko lan merkatuan sartzeko aukerarik ez dutenei. Horretarako, Errenteria-Oreretan erroldatua egotea eta adinez nagusia izatea nahikoa da. Tailer hori apirilaren 8tik uztailaren 5era arte luzatuko da, eta egunean hiru ordu egingo dituzte, 10:00etatik 11:00etara. Hamar lagunentzako tokia dago, eta gutxienez, zortzi behar dira aurrera ateratzeko. Ongi ateraz gero, tailer gehiago egiteko asmoa dute horretara bideratutako partida osoa gastatu arte.
Larrialdi laguntza osagarria, berriz, 60 urtetik gorakoei zuzenduta dago, dagoeneko, larrialdi laguntzak jasotzen dituztenei, baina euren egoera ekonomikoari buelta eman ezin diotenak, zenbait arrazoiengatik: adina, osasuna… Zenbait baldintza betez gero, hilean 30 euroko laguntza jasoko dute.
PSE-EE “pozik” agertu da akordio horiek aurrera ateratzeagatik, “are gehiago gai sozialak direnean, eta Errenterian laguntza gehien behar duten taldeei laguntzeko direnean”.