Pasaiako EA: "Aurrerapausoa da Donibanen atez atekoa jartzea"
Pasaiako EArentzat “aurrerapausoa” da Donibanen atez ateko hondakinen bilketa sistema jartzea, “gutxienez %70eko birziklatze tasa lortzeko helburuan”. Horrekin batera, EAk esan du errausketa bidezko hondakinen kudeaketa “baztertu” egin dutela gipuzkoarrek, eta aukera horren defentsa “arduragabekeriatik edo interes ekonomiko soiletik” egiten dela.
Hartara, “udalerri jasangarria lortzeko erronkan”, gaikako bilketa “askoz eraginkorragoa” dela uste du EAk, “materia organikoa konposta egiteko bereiztea ahalbidetzen baitu, besteak beste”.
Parte hartze prozesua
Udal gobernuko kide da EA, Bilduren partaide delako. Hala, udalak Donibanen atez atekoaren gainean abiatuko duen parte hartze prozesua “zalantzak argitzeko eta herritarren ekarpenak jasotzeko” balioko duela uste du, “prozesu honen xedea herritar guztion artean Donibaneko errealitatera egokituko den sistema aproposa aurkitzea da”.
Era berean, udaleko oposizioko taldeen “jarrera bipolarra” salatu du alderdi abertzaleak, “Donibanek sistema berriarekin izango duen irudi traketsa salatzen duten bitartean, zabor poltsak balkoietan zintzilikatzeko deia egin dute. Alderdi politiko batzuk hondakinen kudeaketa borroka politikorako arma gisa erabiltzen dute, Bilduk udaletan eta aldundian egiten duen lana zikintzeko”.
Donibaneko alkateordeak bere etxean jasandako erasoa ere gaitzetsi du EAk.