Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoaren (LOMCE) kontra dago Elizalde ikastetxeko komunitatea. Eta lege hori salatzeko, aurkako mozioa aurkeztu dute udaletxean guraso elkarteetako eta zuzendaritzetako ordezkariek (LH eta DBH).

Aste Santuko oporren aurretik aurkeztu zuten mozioa udaletxean
LOMCE delako legearen edukia aztertuta, “bere ezarpenak gure ikasleriaren heziketarako eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean ekarriko lituzkeen ondorioengatik”, mobilizazioekin jarraituko dute Elizaldeko kideek. Hilabete bakoitzeko azken ostegun arratsaldean, esaterako, elkarretaratzea egiten dute eskola ondoko biribilgunean.
Lege horrek, besteak beste, “ondorengo atal atzerakoiak” inposatu nahi dituela gogorarazi dute:
- Ratioen igoera, masifikazioa geletan: bost ikasle gehiago gelako.
- Ikasleen segregazio goiztiarra, DBH 3an.
- Ikasleen ibilbidea errebalida-lehiaketa baztertzaile bihurtzea.
- Sexuaren araberako segregazioa ekonomikoki sustatzea.
- Hezkuntzaren eta ikasleen erabilera merkantilista bilatzea.
- Ikastetxeak emaitza subjektiboen arabera publikoki klasifikatzea.
- Gestio pribatua lehenestea ikastetxe publikoetan.
- Aginte organo unipertsonalak bultzatzea, bestelakoak ukatuz.
- Curriculumaren zentralizazioa eta uniformizazioa sustatzea.
- Euskal Herriko curriculumaren garapena are gehiago murriztea.
- Euskararen bazterkeria inposatzea, behar duen lehentasuna ukatuz.
- Erlijio katolikoa berrezartzea gizarte anitz eta laikoan.
- Murrizketa berrien bidez, hezkuntzako langile ororen lan baldintzak hondatzea, eskaintzen dugun kalitatea zapuztuz.
Horrengatik guztiarengatik eta legeak jasotzen dituen beste hainbat punturengatik, aurka agertu da Elizaldeko komunitatea.