Herrerako topoko sarbide berriarekin, "zur eta lur" dago Pasaiako gobernu taldea
Pasaiako gobernu taldeak Herrerako geltokira egin duten sarbide berria gogor kritikatu du. Bide berri horrekin “zur eta lur” gelditu dela jakinarazi du, “lardaskeria bat besterik ez da, eta ez dira inolaz ere San Pedroko, Trintxerpeko eta Bidebietako herritarren mugikortasunari buruzko beharrak aintzat hartu”.
Prentsan agertutako berrien harira, gobernu taldeak gezurtatu egin du “proiektu zehatz bati buruzko” akordiorik hartu denik, eta nabarmendu du bide berria erortzear den pabilioi baten inguruan egin dutela, eta “puntu beltz ugari” daudela inguru horretan segurtasun alorrari dagokionez. Ondorioz, gobernu taldeak esan du ez dagoela prest “ardura hori bere gain” hartzeko.
Horren harira, bidearen ondoko pabilioia “berehala” bota dezatela eskatu du, “bertan ezin baita portuaren inolako jarduerarik garatu”, eta pabilioia eraitsita, topoko geltoki horretara iristeko aukera errazagoa dela uste du, “duinagoa eta seguruagoa pasaitar guztientzat”.