
Atzo egin zuten apirileko udalbatzarra Errenteriako zinegotziek; aurreratua, Aste Santua dela eta. Udalbatzar azkarra izan zen, eta puntu aipagarriena Julen Mendoza alkateak PSE-EEk Kabiaren inguruan eginiko galderak erantzun zituela izan zen. Hala, Kabia proiektu osoak 32.800 euro kostea izan duela azaldu zuen, baina udalari 25.000 euro pasatxoko kostua eragin diola, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 7.438 euroko laguntza jaso baitzuen publizitatearen atalerako.
Gainontzeko puntuak aurrera atera ziren: aurrekontuen likidazioa onartzea, Ondasun eta Eskubideen Inbentarioaren zuzenketa onartzea (18 aldeko eta 3 abstentzio EAJrenak), Jesusen Bihotza zaharren egoitzaren lanpostu zerrendan aldaketak onartzea (11 aldeko eta 10 abstentzio PSE-EE eta EAJrenak) eta udalaren barruko lanpostu bati berariazko osagarria aldatzea (11 aldeko eta 10 abstentzio PSE-EE eta EAJrenak).