
Gaur eguerdian hamarnaka lagun elkartu dira Herriko Plazan 197/2006 doktrina indargabetzeko eskatzeko Herrirak deituta. Herriraren arabera, Espainiako Estatuak bere espetxe politikarekin “milaka euskal preso politikoren giza eskubideak urratzen ditu”. Euskal gizartearen gehiengoak, ordea, “salbuespen neurri horiek gainditzeko nahia” azaldu duela esan du, eta hori Baionako azaroaren 10eko eta Bilboko urtarrilaren 12ko manifestazioetan islatu dela.
Gaurtik aurrera berraztertuko du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren auzia. Herrirak gogorarazi duenez, Del Riok 2008an bete zuen espetxealdia, baina aske geratzear zela, Espainiak bederatzi urtez luzatu zion doktrina ezarrita. “Estrasburgoko epaitegian kasua aztertu ondoren, 2012ko uztailean kaleratutako ebazpenean, espetxealdia luzatzeko oinarritzat hartutako 197/06 doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela eta Ines del Rio presoa berehala aske utzi behar dela dekretatu zuen”. Espainiak, ordea, ez duela bete azaldu du, eta Del Riok espetxean jarraitzen duela, baita doktrinarenpean dauden 72 presoek ere. Errenteria-Oreretan bi kasu daudela gogorarazi du: Jokin Urain eta Juantxo Lasa. 27 eta 28 urte daramatzate espetxean, hurrenez hurren.
Euskal gizartean gehiengo zabala ere Estrasburgoko epaiaren alde dagoela esan du Herrirak, eta horrenbestez, Del Rio eta zigorra bete duten euskal preso politikoak askatzeko eskatu du, “haien giza eskubideen errespetuaren eta Euskal Herrian konponbiderako pausoak ematearen alde gaudelako”.