Pedro Martinezek zilarra lortu du Espainiako Neguko Txapelketan
Pedro Martinez piraguista irundarrak zilarrezko domina lortu zuen asteburuan Sevillan (Andaluzia, Espainia) egin zen pistako Espainiako Txapelketan. Maila handiko proba izan zen eta Santiagotarrak taldetik joandako palistak gustura geratu ziren egindako lanarekin, batzuk beste batzuk baino gehiago.
Txapelketaren aurretik piraguistek sailkatze proba bat egin behar zuten, 2.000 metrokoa, eta irundar guztiek aurrera egin zuten. Aitor Gorrotxategi bosgarren izan zen bere mailan, Eneko Egiguren hamahirugarren eta Jon Moreno hamabosgarren. Lehen hemezortzien artean sartu zirenez, hurrengo Espainiako Kopako finalerdietarako txartela lortu zuten.
Sevillako finaletan, eskarmentu gehien duten kirolariek lortu zituzten emaitzarik onenak. Pedro Martinezek zilarra jantzi zuen, eta bera izan zen Santiagotarrak taldeari domina bat eman zion bakarra. Esteban Arakama ere ondo aritu zen, bosgarren postuan sailkatuz.
Kadeteetan Ainhoa Hidalgok bosgarren postua lortu zuen eta Maddi Exposito 21. iritsi zen. Mutiletan Jon Moreno oso ondo hasi zen baina ezin izan zion erritmoari eutsi eta hemeretzigarren lekuan zeharkatu zuen helmuga.
Helduen mailan Olatz Zabala 21. postuan sartu zen eta C1ean lehiatu zen bakarrak, Javi Herrerak, 49. postuan bukatu zuen.
Ur lasaietako hurrengo txapelketa hilaren 30ean Orion egingo den Euskadiko Maratoi Txapelketa izango da.