Kontuari kontu erakusketa jarriko dute Xenpelarren astelehenean
Kontuari kontu erakusketa, astelehenetik (hilaren 18tik) ostiralera (hilaren 22ra) egongo da Xenpelar Etxeko 1. solairuan. Goizez, ikastetxeentzako bisita gidatuak antolatu dituzte. Arratsaldez, berriz, publiko osoari irekia egongo da aretoa, 16:30etik 20:00etara. Sarrera librea izango da. Arratsaldeko bisitak 21a bitarte (ostegunera arte) egin ahal izango dira.
Galtzagorri Elkarteak antolatutako erakusketa da Kontuari kontu, euskal tradizioko ipuin bilduma. Lau ipuin biltzen ditu erakusketak, eta ipuin horiek transmititzeko jolas espazio bat sortu dute. Antolatzaileen esanetan, “espazio horretan bi plano gurutzatzen dira: ametsaren mundua eta errealitatea, bien arteko mugan argiz eginiko egitura bat eta musika. Espazio sinple horretan gauzatzen dira gure ipuinak eta horien harian esperientzia bizi bat, ametsezko mundu horren parte izateko”. Ikusleek, beraz, ipuinetan sartuta, “entzun, irakurri eta amets egingo dute”.
Erakusketa honetan eskuragarri izango dira, gainera, ipuinen bilduma eta ipuinak grabaturik duten diskoa.