Nazioarteko adituek hainbat bisita egin zituzten, tartean Portu auzora
Arkitektoak, historiagileak eta munduko erakunde garrantzitsuen babesle pribatu eta ordezkariak astearte eta asteazkenean izan ziren Hondarribian,
Ondaredun Hondarribia goiburuko foroan parte hartzen. Bi egunez, bisita espezializatuak, ate itxiko jardunak eta publikoari irekitako hitzaldiak tartekatu dituzte eta bi norabideko informazio trukatzea gauzatu dute. Batetik, bisitariek herriko ondarea ezagutzeko aukera izan dute eta, bestetik, Hondarribiko ondareaz arduratzen diren pertsonek mundu mailako adituen eskarmentutik ikasteko aukera izan dute.
Foroa asteazken arratsaldean bukatu zen, Paradorean eskainitako zenbait hitzaldirekin. Lehenago, jardunaldietan parte hartutakoek ‘Hondarribiko Gutuna’ sinatu zuten eta honako gomendioa egin zioten Arma Plaza Fundazioari: “Hondarribiak duen nazioarteko kokapenaren ondoriozko aukerei buruz hausnarketa egitea, eta antzematen diren ekimenak zuzendu ditzala”.
Bi egunez, herriko ondarearen adierazgarri diren zenbait leku bisitatu dituzte, hala nola, Jaizkibel, Guadalupeko Gotorlekua, eta Hondarribiko eremu historikoak ikusi zituzten, batez ere Portua eta alde Zaharra. Udaletik esan dutenez, eraikinez gain herriko ondare inmaterialean arreta jarri dute adituek: “jaiak, Alardea, ohiturak, gastronomia, aste santua, arrantza…”
Egin beharreko bidea zehaztuta
Jardunaldia amaituta Aitor Kerejeta alkateak adierazi du goi mailako ekimena izan dela: “Dugun ondarea aztertu dute, materiala eta immateriala, elkarrekin lan egin dute bere balioa eta etorkizunari buruz; dena idatzia eta sinatua utzi dute ‘Hondarribiko Gutunean’. Gutun hori guretzat erreferentea izango da lanean jarraitzeko. Oso iritzi ona azaldu dute egin ditugun berreskuratze lanei buruz, eta adierazi digute zein bide jarraitu behar dugun eta nola segitu lanean ondare materiala eta immaterialari duen balioa emateko; Hondarribiak duen nazioarteko kokapenaren potentziala landu behar dugula adierazi digute, eta orain arte Hondarribiko ondareari duen balioa emateko eta zaintzeko egin dugun lana goretsi dute”.
Izan ere, ondarearen gaineko jardunaldien helburuetako bat jaio berri den Arma Plaza Fundazioa jarraitu beharreko bidea nolabait zehaztea zen, Hondarribiko ondareari balioa eman eta heritarrei horren berri adierazten asmatzeko. “Azken batean, gure ondarea eta aberastasuna baloratu behar ditugu”, gaineratu du Kerejetak.