
Irundarrek ibaiaren ezagutza baliatu nahiko dute
Espainiako Estatuko slalom modalitateko piraguista onenak Bidasoa ibaian lehiatuko dira asteburuan, nazioarteko denboraldiari hasiera emateko balioko duen Espainiako Slalom Kopako lehen proban. Guztira hiru proba izango dira eta, txapelketa irabazi nahi duenak ezin du batean ere hutsik egin, Irunen asteburuan egingo denetik hasita. Larunbatean, 12:00etan hasiko dira piraguistak San Migel eremuko ur bizietan lehiatzen.
Espainiako Slalom Kopako bigarren proba apirilaren lehen asteburuan egingo da Padron herrian (A Coruña, Galizia) eta hirugarrena Sorten (Lleida, Herrailde Katalanak). Espainiako Kopa, Slalom Olinpikoko VIII. Ligarako puntuagarria da Kopa, abuztuan egingo den Espainiako Txapelketarekin batera.
Bidasoan goi mailako kirolariak elkartuko dira, haien artean azken bi olinpiar jokoetan parte hartu izandako asko. Horietako bi etxeko taldearekin ariko dira, Ander Elosegi eta Joan Crespo. Haien ondoan Irungo harrobiko harri bitxiak izango dira: David Perez, Ekhi Diez, Telmo Olazabal, Jokin Sanchez, Hasier Rodriguez…
Guztira hemezortzi klubetako 220 ontzik eman dute izena probarako, gazte, kadete, helduen eta beteranoen mailetan, nesketan zein mutiletan. Irungo klubaren partaidetza izango da jendetsuena, 48 ontziekin: 27 kaiak (19 gizon eta 8 emakume) eta 21 kanoa (zazpi gizon, lau emakume eta hamar gizonen bikoak).
Talde antolatzailearekin batera, Atletico San Sebastian —Maialen Chorraut eta Samuel Heranz olinpikoen taldea—, Cadi Canoe eta Mig Segre taldeak etorriko dira, besteren artean. Borroka polita izango da haien artean, federazioen arteko txapelketa lortzeko Euskadi eta Katalunia direlako faboritoak.
Larunbatean sailkapen probak egingo dituzte eta haietatik, modalitate bakoitzeko —K1, C1 eta C2— lehen 20 kirolariak aterako dira. Igande goizean finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte. 09:00etan hasiko dira finalerdiak eta 11:00etatik aurrera leihatuko dira maila bakoitzeko hamar onenak, dominen borrokan.
Proba beteranoa
Asteburuan San Migel eremuan egingo den lehiaketa Bidasoa ibaiko Nazioarteko Slalom Txapelketaren XXXIV. ekitaldia izango da, XXIX.a Javier Ramos Memoriala bezala antolatzen denetik. Espainiako Estatuan egiten diren slalom txapelketatik zaharrena da Santiagotarrak Kirol taldeak antolatzen duena.
Urte askotan Euskadiko Slalom Kopako proba izan da Irungoa eta bigarrenez, Espainiako Slalom Koparako baliagarria izango da. Iaz, txapelketako bigarren proba izan zen eta aurten lehen aldiz Irunen abiatuko da Espainiako Kopa.