Bidasoa Irun eskubaloi taldeak oso garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Santanderren Adelma Sinfinen etxean, igoera kanporaketan sartzeko aurkari zuzen baten aurka (26-30). Bidasotarrek, gainera, adorea erakusten lortu zituzten bi puntuak La Albericia kiroldegian, lehen zatian sei goleko errentaz galtzen joan izan baitziren (13-7) eta atsedenaldira atzetik iritsi ziren. Baina 40. minutuan partida 18ra berdintzea lortu zuen Bidasoak eta hortik aurrera markagailuan nagusi izan zen. Hori ez ezik, partidaren amaieran lau goleko aldea ere lortu zuten.
Garaipenarekin, igoera play-off-etan sartzeko urrats handia egin du Irungo taldeak eta datorren asteburuan multzoko azkenaren Ereintzaren kontra irabaziz gero irundarren egoera bikaina litzateke, duela zenbait jardunaldi oso zaila zirudien helburua eskuratzeko. “Denboraldia pixka bat luzatzea nahiko genuke”, zioen aurreko astean Fernando Bolea entrenatzaileak, eta lortzeko bidean dira.
Lau leku sei talderentzat
Liga erregularraren amaieran talde bat zuzenean igoko da mailaz eta, Bartzelonak ezin duenez —ASOBAL Ligan lehen taldeak jokatzen du—, Juanfersa eta Puente Genil dira hautagai nagusiak. Beste lau taldek jokatuko lukete igoera fasea, hau da, 3. postutik 6. postura doazenak. Aipatutako bi talde horietatik zuzenean igotzen ez duenak ia ziur jokatuko du promozioa, baina beste hiru lekuetako bost hautagai daude.
Une honetan Bidasoa bosgarrena da eta bi puntu ateratzen dizkio zazpigarrenari, Adelmari; gainera, bien arteko average-a alde dute bidasotarrek. Bost partidaren faltan, horrek Adelmak baino partida bat gehiago galtzeko aukera ematen dio Irungo taldeari, beti ere atzetik Torrelavegak zer egiten duen zain egonik.
Zilarrezko Maila. Sailkapena
- Barcelona. 29 puntu.
- Juanfersa Xixon. 26 puntu.
- Puente Genil. 25 puntu.
- Alcobendas. 19 puntu.
- Bidasoa Irun. 18 puntu.
- Teucro. 18 puntu.
- Adelma Sinfin. 17 puntu.
- Torrelavega. 16 puntu.
- Pozoblanco. 10 puntu.
- Zarautz Amenabar. 9 puntu.
- Barakaldo. 9 puntu.
- Ereintza. 7 puntu.