
Xabier San Sebastian helmuga zeharkatzear
Igandean Gazte Mailako Errenteria Hiria Txirrindularitza Saria jokatu zuten herriko kaleetan, eta Xabier San Sebastian Tolosako Limousin taldeko txirrindulariak zeharkatu zuen helmuga lehenengo tokian. Limousin taldea nagusi izan zen, eta horren erakusle podiuma: talde horretako hiru txirrindulari igo baitziren: Mikel Matxinea eta Jon Irisarri. Emakumeetan, berriz, Lointek taldeko Seyla Gutierrez izan zen garaile.
Errenteria-Oreretako lehen txirrindularia Eneko Iparragirre izan zen.
Lasterketan 152 parte hartzaile izan ziren, horietatik 69 Gipuzkoatik kanpo etorritakoak: Araba, Nafarroa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Zamora.
Erorketa
Lasterketa azkarra izan zen, eta gertakari nabarmenena, 2. kilometroan izan zen erorketa izan zen. Hainbat txirrindulari sartu ziren tartean. Batzuk tropeletik urrundu ziren, eta erretiratu egin behar izan ziren. Era berean, lasterketa irabazteko faborito nagusiak, Ivan Garcia asturiarrak, matxura izan zuen bizikletan, eta horrek Limousin taldeari egin zion mesede.
Lasterketan aurpegi ezagun bat ere ikusi ahal izan zen: Miguel Indurain txirrindulari ohia. Semea ikustera joan zen.
Errenteria Hiria Sariaren antolatzaile Laguntasuna txirrindulari taldeak eskerrak eman dizkie lasterketa posible egin duten guztiei: Errenteriako udaltzainei, Babes Zibilari, laguntzaileei eta lasterketa ikustera joan ziren guztiei.