Eskubaloiko Euskal Ligan jokatzen duen La Bacaladera Hondarribiak garaipena lortu zuen igande eguerdian Estudios GIS El Pilarren kontra (27-25). Hamabigarren izaten jarraitzen du, Urdulizek eta Gure-Auzunek ere irabazi zutelako, baina haiekiko duen tartea ez da handitu, eta gorago dauden Usurbil, El Pilar, Escolapios eta Corazonistas gertuago daude orain. Gainera, sailkapeneko erdialdean dauden taldeek baino maila gutxiago ez dutela erakutsi dute, eta denboraldi hasiera txarrari buelta eman diotela. Bolada onari eutsiz gero, sailkapenean jauzi handia eman dezakete hondarribiarrek.
Denboraldiko une goxoena bizi du La Bacaladerak. Orain arte lortutako lau garaipenetatik bi azken hilabetean lortu ditu eta hiru partida daramatza galdu gabe. Corazonistasen kontra atzeratutako lehia irabaziz gero 18 punturekin jarriko lirateke hondarribiarrek, eta liga amaieran orain daukaten hamabigarrena baino postu hobea lortzeko aukera izango lukete. Galduta ere, hamargarren postua lortzea ez litzateke ezinezkoa izango. Izan ere, atzeratutakoaz gain, beste bost jardunaldi geratuko lirateke eta horietako bitan multzoko azken biekin jokatu beharko luke hondarribiko taldeak.
Euskal Liga. Sailkapena
- 5. Soraluze. 22 puntu.
- 6. Atez Ate Usurbil. 22 puntu.
- 7. Estudios GIS El Pilar. 22 puntu.
- 8. Escolapios. 22 puntu.
- 9. Corazonistas. 19 puntu (partida bat gutxiago).
- 10. Gure-Auzune. 18 puntu.
- 11. Urduliz. 18 puntu.
- 12. La Bacaladera Hondarribia. 16 puntu (partida bat gutxiago).
- 13. Indupime Basauri. 5 puntu.
- 14. Trapagaran. 3 puntu.